2022ko udal aurrekontuetan Azkoitiak "politika soziala indartu" duela nabarmendu du PSE-EEk

Andoni Elduaien 2021ko abe. 23a, 11:10

Janire Igoa PSE-EEko zinegotzia.

Janire Igoa Azkoitiko Udaleko bozeramaile sozialista pozik agertu da PSE-EEk eta EAJk lortutako akordioarekin; izan ere, 2022rako aurrekontuak onartzea posible izango da. Aurrekontuak "historiako sozialenak" direla nabarmendu du Igoak. Zinegotziaren esanetan, akordioaren bitartez udal aurrekontuaren proiektua "arlo sozialean zentratuta" egotea lortu dute. Igoak berak zuzentzen duen sailaren aurrekontua %6,18 handitu dute.

PSE-EEko zinegotziak ohar bidez azaldu du Udal Gobernua osatzen duten bi udal taldeak "bat etorri" direla negoziazioan, eta "egokia" jo dute PSE-EEren proposamen sozialak aurrekontuan sartzea. Aurreikusi duten inbertsioarekin, datorren urtean hainbat programatako ekintzetan sakontzeko asmoa agertu du Igoak. Bozeramaile sozialistak bultzatutako ekimenen artean honako hauek daude: bakardadearen aurka borrokatzeko hauskortasun-programa kudeatzeko partida bat, familia zaintzaileei laguntzeko partida handitzea, eta etxez etxeko zerbitzuen partida %7,37 gehitzea.

"PSE-EE eta EAJren arteko negoziazio prozesuaren ondoren, Gizarte Zerbitzu eta Integrazio Sailaren garrantzia indartu eta diru publikoa handitu dugu, gure gizartearen oinarria den gaia delako. Horrek nabarmen eragingo du azkoitiar askoren bizitzan, zerbitzu horiek erabili behar baitituzte, besteak beste COVID-19aren ondorioak arintzeko. Orain, haien bizitzak seguruagoak izango dira bizi-kalitateari dagokionez", azaldu du Igoak.

Halaber, haur parkeak mantentzeko eta gune inklusibo bihurtzeko partida bat jaso dute udal aurrekontuetan. "Hasiera batean aurreikusitako partida ez zen nahikoa parke horiek hobetzeko eta herrian hainbeste erabiltzen diren espazio horiek zaharberritzeko. Partida hori handitzea lortu dugu, berritu daitezen, eta gainera, guztiz egokituak, eskuragarriak eta desgaitasunen bat duten haurrek erabili ahal ditzaten". Txakurrentzako parke bat eta komun publiko bat eraikitzea ere onartu dute.

Gazteei bideratutako plan bat ere bultzatuko dute, enpleguaren, etxebizitzaren, emantzipazioaren eta aisialdiaren arloan jarduerak koordinatuko dituen estrategia bat diseinatzeko, "azkoitiar gazteen beharrei eta arazoei erantzuna" emanez.

Azkenik, Igoak ziurtatu du garrantzitsua dela Azkoitiak gizonen eta emakumeen arteko berdintasun efektiboan eta aukera "berdintasunean sakontzen jarraitzea", baita "sexuagatiko diskriminazioa ezabatzea" ere. "PSE-EEk berdintasun teknikariaren jardunaldiaren dedikazioa %100ekoa izan dadin lagundu du". Gainera, genero-indarkeriaren aurkako jarduera protokoloa argitaratuko dute, herritar batek indarkeria matxista kasu baten aurrean zer egin behar duen jakin dezan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide