ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, asteazkena, Azkoitiko anbulatorioaren aurrean. Osasunz zentroan lan egiten duten langileek hamar minutu inguruko lan etena egin dute, Osakidetzako lehen mailako arretaren "egoera jasanezina" salatzeko eta "benetako eta berehalako konponbideak" eskatzeko. Zenbait herritar eta alderdi politikoetako ordezkariak ere bidelagun izan dituzte osasun langileek protestaldian, Azkoitiko EH Bilduko eta Azkoitia Bai herri plataformako zinegotziek ere parte hartu baitute elkarretaratzean.
Azkoitiko osasun zentroko langileek "pertsonal gehiago" behar dela azpimarratu dute elkarretaratzearen ondoren; lehen mailako arretan "langile gehiago" kontratu behar dela diote. "Anbulatoriora deitzen duten pazienteak kexu dira telefonoa ez diegulako hartzen; baina, ez dugu telefonoa hartzeko denborarik ere. Ulertzen dugu jendea, baina haien haserrea guk entzun behar izaten dugu", azaldu dute.
Sindikatuek ohartarazi dute arazoa aspalditik datorrela: "Izurriteak eztanda egin zuenerako, lehen mailako arreta azken arnasan zen. Problemak egiturazkoak dira, gaur egungo krisialdiak ekarri dituenak baino are zaharragoak eta sakonagoak". Edonola ere, pandemiak nabarmen larriagotu du egoera: "Sektoreko langileen baldintzak askoz prekarioagoak dira orain, baita herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea ere". Hori bakarrik ez, sindikatuek gaitzetsi dute agintariak "aitzakia" gisa ere ari direla erabiltzen pandemia, "Osakidetzan murrizketak egiteko eta pazienteek lehen arretarako duten irisgarritasuna zailtzeko".
Sindikatuek lehen mailako arretaren aurrekontua handitzea eskatu dute, EBren parera iritsi arte –BPGaren %7–. Gainera, lan taldeak "berehala indartzea" eta kategoria guztietan giza baliabide "nahikoa" ematea nahi dute; izan ere, 1.000 plaza gehiago behar direla aurreikusi dute. Era berean, aldi baterako langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea eskatu dute, baita lan-kargak arrazionalizatzea eta absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea ere. "Lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat behar da, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegitearekin kontrajarrita".