Aitor Leon abeslariak Solsticio de invierno izeneko diskoa kaleratu du gaur, abenduak 21. Neguko solstizioarekin batera aurkeztu du Leonek bere lehen diskoa, eta, guztira, euskaraz, gazteleraz zein ingelesez abestutako bederatzi kanta batu ditu azkoitiarrak. Momentu ilunak eta horietatik leku argiagoetarako bidea nola egin daitekeen azaltzen duten kantak aurkeztu ditu Leonek. Diskoaren ekoizpenaz ere Leon arduratu da, etxeko gelan ekoitzi baitu.
Duela bi urte inguru hasi zen Leon bere abesti propioak konposatzen, bereziki pianoarekin. Hala eta guztiz ere, gitarrarekin edo ordenagailuarekin ere aritzen da gauza konkretuak egiten. Lanak egiteko, musika sortzen du azkoitiarrak lehenik, eta ondoren, hitzak jartzen dizkie doinuei. Dagoeneko zenbait online plataformatan entzun daiteke Leonek aurkeztu duen diskoa, besteak beste, Youtuben eta Spotifyn.
"Une honetan gauza asko sentitzen ditut aldi berean: zoriontasuna, emozioa, alaitasuna, harrotasuna, errealizazioa... Baita urduritasuna, bertigoa, segurtasun eza eta beldurra ere. Nirea bakarrik izateari utziko dio azken hilabeteetan edota urteetan nirea izan den gauza honek. Gaur arte nire arimaz babestu izan dudan zerbait da, eta nire buruari, historiari nahiz esperientziari oso lotua dago", azaldu du Leonek sare sozialetan.