Bihar, asteazkena, abenduko udalbatzarra egingo dute Azkoitiko Udalean, eta 2022ko udal aurrekontua onartuko dute. Joan zen azaroaren amaieran aurkeztu zuen Udal Gobernuak aurrekontu proposamena, eta EH Bilduk eta Azkoitia Baik dagoeneko iragarri dute abstenitu egingo direla bozketan. Izan ere, koalizo abertzaleak akordioa lortu du Udal Gobernuarekin, eta Azkoitia Baik ere hainbat puntu hitzartu ditu haiekin. Beraz, sorpresarik ezean onartuta geldituko da 2022ko udal aurrekontua. 19:00etan izango da udalbatzarra, osoko bilkura aretoan.
Bestalde, 5G teknologiaren inguruko mozioen inguruan ere hitz egingo dute, besteak beste, bilkuran. Hain zuzen ere, Eguzki eta Urola Aktibo taldeek zein EAJ, EH Bildu eta Azkoitia Bai udal taldeek aurkeztuko dituzte mozioak, eta horiek onartzeko bozketa egingo dute. Horrez gain, beste hainbat puntuz ere arituko dira hizketan. Hona hemen gai zerrenda, osorik:
1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
2.- 2022 ekitaldirako Azkoitiko Udala, San Jose Egoitza, Zubiaurre-Elkargune Institutua, Azkoitia Lantzen, S.A.-ren aurrekontuak eta Aurrekontu Kontsolidatuaren hasierako onespena.
3.- 2022 ekitaldirako Azkoitiko Udalaren langileen plantilaren hasierako onespena.
4.- 5G, Eguzki Ekologista eta Urola Aktibo taldeek eta EAJ, EH Bildu eta Azkoitia Bai udal taldeek 5G teknologiaren inguruan aurkeztutako mozioak onestea.
5- Behin betiko onespenen berri ematea.
6.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
7- Galde-erreguak.