Sasieta omenduz itxi ditu Munibe taldeak historiaurreari lotutako jardunaldiak

Ane Olaizola 2021ko abe. 18a, 13:00

Munibe taldeko sortzailetako bat izan zen Sasieta gogoratu nahi izan dute antolatzaileek, eta hark lanerako zuen grina goraipatu dute. Haren emazteak oroigarri eta lore sorta bana jaso ditu. Ondoren, Aranzadi zientzia elkarteko Pedro Castañok Mutrikuko Kiputz amildegian egindako aurkikuntzaz hitz egin du, eta han aurkitutako bisonte baten burua ere jarri dute ikusgai. Guztira, hiru hitzaldi egin dituzten jardunaldietan.

Munibe arkeologia taldeak antolatu dituen historiaurreko jardunaldien azken saioa egin dute gaur, larunbata, Elkargunean, eta Mutrikuko (Gipuzkoa) Kiputz amildegian egin zuten aurkikuntzaz hitz egin du Aranzadi zientzia elkarteko Pedro Castañosek. Aztarnategi hartan aritu zen, gainera, Miel Sasieta arkeologo zena, eta hari omenaldia egiteko aprobetxatu dute saioa antolatzaileek. Izan ere, Munibe taldeko sortzaileetako bat izan zen azkoitiarra –2019an hil zen–, eta hark egindako lana goraipatu du Juan Mari Arruabarrena taldeko kideak: "Izugarria zen Mielek zuen lanerako kemena. Aurkikuntzarik egin gabe ere, beti lanean segitzeko grina erakusten zuen, eta gogo hori taldeari transmititu zion".

Arruabarrenaren hitzartzearen ondotik, Sasietaren irudi batzuk eskaini dituzte, eta ondoren, haren emazteari oroigarria eman dio Munibe taldeak. Era berean, lore sorta eman dio Javier Zubizarreta alkateak, udalaren izenean.

Kimutzen nondik norakoak azaldu ditu ondoren Castañosek, eta han egin zituzten aurkikuntzak izan ditu hizpide. Hain zuzen ere, amildegi horretan aurkitu zuten bisonte baten burua ere jarri dute ikusgai. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Espainiako estatu osoan pieza "bakarra" da gaur erakutsi dutena, eta hainbat museoetan egon ondoren ekarri dute herrira.

Asteazkenean hasi zituzten historiaurreko jardunaldiak, eta antolatzaileen arabera, 40 bat lagun elkartu ziren Xabier Peñalver Aranzadi zientzia elkarteko kideak eta Joxean Mugika EHUko Historiaurreko irakasleak Praileaitzeko indusketaren inguruan emandako azalpenak entzutera. Herenegun, Munoaundi aztarnategiaren inguruan aritu ziren hizketan Aranzadi zientzia elkarteko Antxoka Martinez eta Sonia San Jose. Izan ere, biak izan dira Munoaundiko indusketen arduradunak. Bertan indusketa arkeologikoa abiatu zutenetik 15 urte bete dira, eta orain, museolizaziorako lehen urratsak ematen ari dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide