Manex Ansorregi saskibaloi jokalariak eskuratu du Azkoitiko Udalak banatzen duen Urteko Kirolari Onenaren saria. Gaur, ostirala, izan da sari banaketa ekitaldia udaletxean, eta bertan izan dira hamabost kirol diziplinatan lehiatzen dabiltzan eta sariketarako izendatuta zeuden herriko kirolariak. Javier Zubizarreta alkatea izan da saioan hitza hartzen lehena, eta hark kirolari guztiak zoriondu ditu urtean zehar egindako lanagatik eta lorpenengatik. Ondoren, banaka-banaka, garaikurrak eman dizkiete saria jasotzeko izendatuta zeuden kirolariei.
Sonia Vazquez Kultur zinegotzia izan da saioa gidatu duena, eta alkateaz gain, Angel Martin, Ana Azkoitia eta Janire Igoa zinegotziak izan dira sariak banatzen. Oroigarriak banatu ostean, bozketa fasea hasi da, eta urtero legez, hautagai bakoitzak beste hautagai baten aldeko boto bana eman du. Horrez gain, udaleko ordezkariek bi boto eman dituzte, eta ekitaldira joan diren hedabideetako ordezkariek —tartean, Maxixatzen— ere boza emateko abagunea izan dute. Sari nagusia lortzeko lehia parekatuta egon den arren, Ansorregi izan da boto gehien jaso dituen kirolaria, eta bera izendatu dute 2021eko Urteko Kirolari.
Gabonak gerturatzearekin batera, udalak urtero omentzen ditu azken denboraldian kirol modalitate ezberdinetan gailendu diren kirolariak, kirolariei publikoki aitortza egiteko xedez. Iaz ez zen ekitaldirik egin koronabirusak eragindako pandemia medio, eta 2019an Jone Zabaleta izendatu zuten Urteko Kirolari.
Hona hemen gaurko ekitaldian omendu dituzten hamabost kirolariak:
Esku pilota:
Mikel Aranbarri
Futbola:
Xabier Artetxe
Karate:
Markel Piris
Xakea:
Anibal Fernandez
Mendia:
Borja Zubizarreta
Atletismoa:
Bingen Aranbarri
Igeriketa:
Olaia Gaitan
Triatloia:
Jon Albizuri
Ehiza:
Beñat Astigarraga
Arrantza:
Aimar Ansola
Tenisa:
Auritz Alkorta
Boloak:
Santos Muñoz
Saskibaloia:
Manex Ansorregi
Gimnasia erritmikoa:
Nikole Aranbarri
Herri kirolak:
Ion Unanue Goenatxo III.a