Azkoitiko Munibe arkeologia taldea historiaurreko jardunaldiak ari da egiten aste honetan. Lehena asteazkenean izan zen, eta Praileaitzeko indusketak nola joan diren azaldu zuten bertan. Atzo, bestalde, Munoaundi aztarnategiaren inguruko saioa izan zen Elkarguneako Oteiza aretoan. Indusketa arkeologikoa abiatu zutenetik 15 urte bete dira, eta orain, museolizaziorako lehen urratsak ematen ari dira. Aranzadi zientzia elkarteko Antxoka Martinez eta Sonia San Jose aritu ziren solasean, eta hainbat herritar joan ziren saiora.
Bihar amaituko dira historiaurreko jardunaldiak, Kiputz: Historiaurreko amildegia hitzaldiarekin. Aranzadi zientzia elkarteko Pedro Castañosek eskainiko du solasaldia, Elkarguneko Oteiza aretoan, 12:00etan hasita; Mutrikuko (Gipuzkoa) Kiputz amildegian egin zuten aurkikuntza izango du hizpide Aranzadiko kideak. Gainera, Miel Sasieta Munibe arkeologia taldeko kidea zenari omenaldia egiteko baliatuko dute saioa; izan ere, Sasieta aztarnategian aritu zen lantaldeko kidea izan zen, eta hark egindako lana funtsezkoa izan zen.