Ostiralean banatuko dituzte 'Herri txiki, infernu handi' bakarrizketa saioaren grabaketarako gonbidapenak

Andoni Elduaien

'Herri txiki, infernu handi' saioko aurkezleak, Pagadizabal eta Gurrutxaga. (EITB)

Ostiralean, 11:00etatik aurrera eskuratu ahalko dituzte herritarrek telebista programaren bakarrizketa saioarako sarrerak. Gurea pilotalekuan izango da abenduaren 23an, 20:00etan.

Joan den astean Azkoitian izan zen ETB1eko 'Herri txiki, infernu handi' telebista saioa, zenbait herritarrekin elkarrizketak grabatzen. Hurrengo ostegunean, abenduak 23, Mikel Pagadizabal eta Zuhaitz Gurrutxaga telebista aurkezleek bakarrizketa saioa grabatuko dute Gurea pilotalekuan, 20:00etan.

Grabaketa saiora publiko gisa joan nahi duten herritarrek datorren ostiralean, abenduak 17, Kontzejupean eskuratu ahalko dituzte gonbidapenak. 11:00etan jarriko dute mahaia udaletxe azpiko pilotalekuan, eta herritar bakoitzak lau gonbidapen hartu ahalko ditu gehienez. Udalak jakinarazi duenez, gonbidapenen kopurua mugatua da, eta beraz, agortu arte banatuko dituzte.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide