LAB sindikatuak Gipuzkoako adinekoen egoitzetan grebara deitu du ostiralerako, "egoera jasanezina" delako eta urgentziazko irtenbide bat bilatzea "ezinbestekoa" delako. 09:30ean piketea egingo dute Donostiako Txara IIn, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politiketako egoitzaren aurrean; sindikatuak adierazi duenez, Maite Peña diputatuari bilera eskaera egingo diote. 11:00etan, berriz, kontzentrazioa gauzatuko dute Aldundiak Gipuzkoa plazan duen egoitzaren aurrean.
LABek azaldu duenez, beharginen gehiegizko lan kargak "ezinezko" bihurtzen du egoiliarren beharrei erantzutea eta horiek merezi duten kalitatezko zaintza zerbitzua jasotzea. "Gainera, herrialdeko lan hitzarmen kolektiborik ez egoteak diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoa eskaintzen duten
langileen artean lan baldintza ezberdinak eta soldata arrakala izugarriak sortzea ere ekarri du".
Egoitzetan bizi duten egoera zaintza lanen merkantilizazioaren, lan prekarietatearen eta emakume langileen lanaren "debaluazioaren ondorio estrukturala" dela dio LABek. "Zaintza negozio bihurtu dute eta diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuek izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten ari dira gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen
esplotazioaz baliatuz".
Egoitzetakoa "auzi soziala" dela adierazi du LABek, "Gipuzkoako jendarte osoari" eragiten diona. "Guztion eskubidea delako kalitatezko zaintza zerbitzuak jaso edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzea".
Bilera eskaera
LABeko ordezkariek azaldu dutenez, joan zen urriaren 28an egin zuten greba egunean bilera eskera formala egin zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari, "helduen egoitzetako egoeraz hitz egiteko eta irtenbideak bilatzen hasteko". Azaroaren 12an, "erantzunik jaso ez" zutenez, beste greba egun bat gauzatu zuen LABek, eta salatu du egun hartan Aldundiko ateak "itxi" egin zizkietela. "Egun hartan, hitzordu bat emateko konpromisoa
hartu zuen Maite Peñak, baina gaur-gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri".
Aldundiak langileekin esertzeko eta "muturrekoa" bilakatu den egoerari irtenbidea emateko "borondaterik ez" duela salatu du sindikatuak. Dena den, langileek eta sindikatuek ez dutela "gelditzeko" asmorik adierazi du. "Presio sozial eta sindikala biderkatzeko momentua da, COVID-19aren pandemiari aurre egin dioten emakume langileek merezi dutelako, gure aiton-amonek merezi dutelako eta Gipuzkoako jendarteak merezi duelako".