EAEko Auzitegi Nagusiak atzo onartu zuen COVID ziurtagiriaren erabilera eremua zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera, eta atzo arratsaldean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi zuen gaur bertan sartuko zela indarrean dekretu berria, EHAA Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean publikatu orduko.
Jada publikatu dute dekretua, eta hala, gaurtik aurrera, ia eremu itxi guztietan eskatuko dute COVID ziurtagiria, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 300 kasutik gorakoa den herrietan.
Ziurtagiria beharko da ostalaritzako eremuetara, kultur ekitaldietara eta kiroldegi eta gimnasioetara sartzeko, nahiz bisitan joateko osasun zentroetara, espetxeetara eta zahar etxeetara. Dekretuak sarreran esaten du "sarrera borondatezkoa den eta funtsezko jarduerak egiten ez diren lokalak" direla ziurtagiria eskatuko dutenak, aipamena eginez Auzitegi Gorenaren jurisprudentziari.
Dekretuaren sarrera horretan, bestalde, establezimendu barruei egiten die erreferentzia, ez terrazei.
- Non erakutsi beharko da COVID ziurtagiria?
1.- Kontzertu aretoetan eta erabilera anitzeko aretoetan edo gaitutako beste espazio itxi batzuetan, kontzertuak, musika jaialdiak eta bestelako kultura eta arte ekitaldiak egiten direnean.
2.- Ostalaritza establezimendu eta jatetxeetan, baita oturuntza aretoetan ere, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.
3.- Kiroldegietan, gimnasioetan eta jarduera fisikoa edo kirola egiten den bestelako barne espazioetan, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.
4.- Kirol instalazio itxietan, hala nola, estadioetan, frontoietan edo antzekoetan, sarrera kontrolatzeko sistema bat dutenean –tiketak, abonamenduak, gonbidapenak, eta antzekoak– eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.
5.- Ospitaleetan, zentro soziosanitarioetan eta espetxeetan: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak zein espetxeratutakoak bisitatzen dituzten pertsonek erakutsi beharko dute.
- Haurrei eskatuko al zaie?
12 urtetik beherakoek ez dute ziurtagiria behar, adinagatik sartu daitezkeen establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuetara sartzeko. Lokal horietako langileei ere ez zaie ziurtagiria eskatuko, beren lana egiteko lokal horietara sartzen direnean.
- Anbulatoriora joateko behar al da ziurtagiria?
Ez zaie ziurtagiririk eskatuko pazienteei, ez anbulatorio edo osasun etxeetan, ez ospitaleetan artatzeko.
- Noiz aplikatuko da dekretu berria?
Osasun Sailaren webgunean, aste bakoitzeko astelehen eta ostegunetan jakinaraziko da tasaren indizea, eta hurrengo egunetik aurrera izango da indarrean.
- Nola eskuratu daiteke COVID ziurtagiria?
Helbide honetan eska daiteke. Dena den, balioko dute beste osasun administrazio batzuek emandako Europako Batasuneko COVID Ziurtagiri Digitalek (QR) ere.
- Nork eskatuko du ziurtagiria?
Establezimendura sartu aurretik eskatuko dute ziurtagiria bertako arduradunek. Horrez gain, bai establezimendu, ekitaldi, jarduera eta leku horien titularrek eta arduradunek, bai agintaritzaren agenteek, edozein unetan eskatu ahal izango diete ziurtagiria leku horietan dauden pertsonei, ziurtagiri hori benetakoa dela egiaztatzeko.
Bestalde, establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuetako arduradunek datuak babesteko indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatu beharko dute. Bereziki, egiaztatzeko unean soilik eskatu ahal izango da informazioa erakusteko, eta ezin izango da gorde edo parte hartzaileen osasunari eragiten dioten datuen fitxategirik sortu.
- Zein izango da erantzulea?
Establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuaren titularra izango da erantzulea gerta daitezkeen ez-betetzeen erantzule, eta COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legean aurreikusitako moduan zehatuko dira.
- Noiz arte egongo da indarrean dekretua?
Dekretu honetan aurreikusitako neurriek 2022ko urtarrilaren 31ra arteko iraupena izango dute, eta etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaie, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Ondorio horietarako, luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira neurriok.