Tta-kun areto futbol taldeak Gipuzkoako Kopako final laurdenetako kanporaketa jokatuko du etzi, osteguna, Elkargunean. Donostiako Antiguoko taldearen aurka jokatuko dute azkoitiarrek partida, 21:00etan hasita. Irabazten duen taldeak finalerdietan sartzea lortuko du.
Txapelketako final laurdenetara iritsi da Tta-kun, eta ostegunean urrunago iristeko aukera du taldeak zaleen aurrean. Hala eta guztiz ere, ez du aurkari samurra izango aurrean; izan ere, Gipuzkoako Lehen Mailan ari da jokatzen Antiguoko. Tta-kun taldea, ostera, Gipuzkoako Bigarren Mailan dago egun. Azkoitiko taldeak zaleen bultzada eskatu du sare sozialetan. "Bien arteko maila diferentzia harmailetatik egin behar dugu txiki".
Maila onean
Azkoitiarrak maila ona ari dira erakusten kopan. Orain arte jokatutako neurketa guztiak aurrera ateratzeko gai izan da Tta-kun. Kopako lehen kanporaketan, Idiazabal Bai Reformas kanporatu zuen taldeak. Neurketa bina berdindu egin ondoren, penaltietan 4 eta 2 irabazi zuten azkoitiarrek. Bigarren kanporaketan, berriz, Donipari taldeari 5 eta 4 irabazi zion. Hirugarren kanporaketan, berriz, ez zuten jokatu beharrik izan; izan ere, zozketa egin ondoren ez zitzaien egokitu aurkaririk, eta horrela lortu zuten final laurdenetan sailkatzea.