Askotariko ekintzak izango dira Gabonetan

Andoni Elduaien 2021ko abe. 14a, 10:32

Mari Domingi eta Olentzero, iaz.

Olentzero eta Mari Domingi kalerik kale eta auzorik auzo ibiliko dira abenduaren 24an. Urtarrilaren 5ean, berriz, Errege Magoek desfilea egingo dute. Ikuskizunak eta musika nahiz dantza emanaldiak ere izango dira herrian urtarrilaren 8ra bitartean.

Gabonetan Azkoitian izango diren ekintzen berri eman du Azkoitiko Udalak. Ostiral honetan hasi eta urtarrilaren 8ra bitartean askotariko ekintzak izango dira herrian, hala nola ikuskizunak, kontzertuak, aisialdi ekintzak. Olentzero eta Mari Domingi herrian zehar ibiliko dira abenduaren 24an, eta Errege Magoek desfilea egingo dute urtarrilaren 5ean.

2021. urteko Azkoitiko kirolari onenari ostiralean emango dioten sariarekin hasiko dute Gabonetako agenda. Asteburuan, berriz, musikak eta dantzak hartuko diote lekukoa kirolari; izan ere, larunbatean, Ispirit taldeak gospel kontzertua emango du Baztartxon, 19:00etan. Igandean, berriz, Jenny Caleroren ikasleek dantza ikuskizuna eskainiko dute Baztartxon, 12:00etan.

Abenduaren 23an, bestalde, Gabonetako erakusleiho lehiaketako sariak banatuko dituzte udalak eta Herrixen elkarteak. Nahiz eta aurreko urteetan jendaurrean egin izan duten sari banaketa ekitaldia, aurten, lehiaketa irabazi duten komertzioak bisitatuko dituzte udaleko eta merkatari elkarteko ordezkariek. Abenduaren 24an iritsiko dira herrira Olentzero eta Mari Domingi, eta aurten ere kalerik-kale eta auzorik-auzo ibiliko dira ikazkinak, 10:00etatik aurrera. Egun berean, Azkoitiko Udal Musika Bandak kalejira egingo du herriko kaleetan zehar.

Abenduaren 27an, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoak KuiKui ikuskizuna taularatuko dute Baztartxo antzokian. Aurten ere bi ordutan eskainiko dute pailazoek beren lan berria: 16:00etan eta 18:30ean. Sarrerak osteguneko 10:00etan jarriko dituzte salgai Entradium atarian. Abenduaren 28tik 30era, berriz, haurren Gabon parkea jarriko dute Elkargunean; hara joateko sarrerak hilaren 17a baino lehen erosi beharko dira Gazte Zerbitzu Bulegoan. Hilaren 31n, Udal Musika Bandak eta Txalkor txistulari taldeak urte bukaerako kalejira egingo dute herrian zehar; 11:00etan hasiko dituzte bi taldeek beren kalejirak.

Urte berria hasi ondoren ere jarraituko dute Gabonetako ekintzek Azkoitian; izan ere, urtarrilaren 3tik 5era bitartean Abarketatxo ludotekak eta Artxamendi topalekuak Negunebai eta Gazte Astea programak ospatuko dituzte. Herriko gaztetxoek hainbat tailerretan eta saioetan parte hartzeko aukera izango dute hiru egun horietan. Era berean, Gazteria sailak Gabonetarako prestatu dituen ekintzen barruan eskainiko dituzte Magiclown ikuskizuna eta Organik antzezlana. Urtarrilaren 3an izango da Magiclown ikuskizuna Elkargunean, 17:00etan hasita. Ordu eta leku berean taularatuko dute urtarrilaren 4an Organik antzezlana. Bi saioak doakoak izango dira, baina plazak mugatuak dira.

Urtarrilaren 5ean iritsiko dira Errege Magoak Azkoitira. Ohi bezala, 16:30ean, Errege Magoen pajeak eliz atarian egongo dira txikienen eskutitzak jasotzen. 19:30ean, berriz, Errege Magoek desfilea egingo dute Santa Klara komentutik abiatuta. Herriko kaleak zeharkatuko dituzte zaldiz eta eliz atarian amaituko dute beren bidea. Urtarrilaren 8an, azkenik, Ruper Ordorikak kontzertua emango du Baztartxo antzokian, 19:00etan. Udalak jakinarazi duenez, sarrerak 12 euroan jarriko dituzte saltzen Entradium atarian, abenduaren 30etik aurrera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide