Urtean zehar gehien nabarmendu den kirolaria hautatuko dute ostiralean

Andoni Elduaien 2021ko abe. 15a, 08:42

2019ko kirolari onena hautatzeko egin zuten ekitaldiko irudia.

Ostiralean, abenduak 17, egingo dute 2021eko Azkoitiko Kirolari Onena hautatzeko sari banaketa ekitaldia.

Datorren ostiralean, abenduak 17, ezagutuko da nor den 2021. urteko Azkoitiko kirolari onena; izan ere, Azkoitiko Udalak Kirolari Onena izendapena emango dio herriko kirolari bati. Udaleko bilkura areto nagusian egingo dute sari banaketa ekitaldia, 19:30ean hasita. Aurtengo urtean zehar kirol diziplina desberdinetan nabarmendu diren gizonen eta emakumeen lana txalotuko du udalak ostiralean, eta hautagai bakoitzak oroigarri bana jasoko du.

Guztira, hamabost kirol diziplinetako hautagaiak elkartuko dira udaletxean, eta batek lortuko du 2021. urteko Azkoitiko Kirolari Onenaren saria. Izendapena boto bidez erabakiko dute. Urtero legez, hautagai bakoitzak beste hautagai baten aldeko boto bana eman beharko du, udaleko ordezkariek bi boto eman ahalko dituzte, eta ekitaldira bertaratzen diren komunikabideetako kazetari bakoitzak ere boto bana eman ahal izango du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide