Atzo, igandea, arratsaldeaz geroztik itxita dago Azkoitia eta Urretxu herriak lotzen dituen GI-631 errepidea. Ertzaintzak Maxixatzen.eus-i jakinarazi dionaren arabera, Igaran indarretxearen pareko zuzengunean, errepidearen 24. kilometroan, "neurri handiko lur jausia" izan zen atzo, 19:10 inguruan. Lurra, zuhaitzak eta haitz handiak erori ziren errepide gainera.
Ordu honetan errepideak itxita jarraitzen du bi noranzkoetan. Garbiketa lanak egiten ari dira orain, eta asmoa da eguerdirako errepidea irekitzea. Hala eta guztiz ere, ez dute ziurtatu ordurako errepidea osorik irekitzeko moduan izango diren edo ez. Lur jausia izan den gunean haitz bat baino gehiago erori da errepide gainera azken egunetan.