Herri txiki, infernu handi ETB1eko umorezko saioa Azkoitira iritsiko da 2022. urtean. Gaur, osteguna, egin dituzte grabaketa saioak Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabalek. Bi aurkezleek bederatzi herritar elkarrizketatu dituzte, eta Kontzejupetik hasiko dute programa; San Martin ermita ere bisitatu dute. Telebista saioaren zortzigarren denboraldiko hamazazpigarren saioa izango da Azkoitikoa.
Saioaren ekitaldi nagusia abenduaren 23an, ostegunez, grabatuko dute, 20:00etan. Azkoitiko Gurea pilotalekuan egingo dute Gurrutxaga zein Pagadizabal aurkezleek eta Xebastian Lizaso bertsolariak bakarrizketa saioa. ETB1k, berriz, urtarrilaren 23an eskaniko du telebistan kalean eta frontoian hartutako irudiekin osatutako saioa.
Telebista saioko kideek Maxixatzen.eus-i jakinarazitakoaren arabera, gonbidapena beharko da frontoian grabatuko duten saiora joateko, eta horiek udaletxean eskuratu ahal izango dira. Hala eta guztiz ere, udalak oraindik ez du adierazi gonbidapenak noiz eta non jaso beharko diren.