Gabonetako erakusleiho lehiaketan izena emateko epea, zabalik

Andoni Elduaien 2021ko abe. 9a, 13:57

Abenduaren 17ra arteko epea dago lehiaketan parte hartzeko. Epaimahaiak 350, 250 eta 150 euroko balioa duten hiru sari banatuko ditu bonutan. Aurten, ez dute jendaurreko sari banaketa ekitaldirik egingo COVID-19agatik.

Egun gutxi batzuk gelditzen dira 2021. urteko Gabonak iristeko, eta hori horrela izanda, Azkoitiko Udaleko Merkataritza sailak, Herrixen merkataritza elkartearekin batera, Gabonetako XXV. Erakusleiho Lehiaketa abiatu du. Kaleetan "Gabon giroa piztea" eta herriko "merkataritza txikia sustatzea" dira lehiaketak dituen helburuak.

Lehiaketan parte hartu nahi duten merkatariek eta saltokiek abenduaren 17ra arteko epea dute izena emateko. Udaleko Herritarren Arreta Bulegora nahiz Herrixenen bulegora joanda edo herrixen@hotmail.com e-postara idatzita eman daiteke izena sariketan.Erakusleihoek apainduta egon beharko dute abenduaren 17tik urtarrilaren 6ra bitartean.

Aurten, "COVID-19a tarteko", udalak eta Herrixenek erabaki dute jendaurreko sari banaketa jendetsurik ez egitea. Horregatik, erakusleiho lehiaketaren irabazleek abenduaren 23an jasoko dute saria udaleko eta Herrixeneko ordezkarien eskutik.

Kontuan hartu beharrekoak

Erakusleiho lehiaketan parte hartzen duten saltoiek kontuan hartu beharko dituzte, besteak beste, originaltasuna, modernitatea, sormena, produktuak ahalik eta modu erakargarrienean aurkeztea, Gabon giroa eta argiztapena.

Epaimahaiak 350, 250 eta 150 euroko balioa duten hiru sari banatuko ditu bonutan. Herrixen elkarteak ere bere saria emango du bazkideen artean eta Facebook bidez lehiaketan botoa ematen duten herritarren artean merkatari elkarteak 100 euroko bonua zozkatuko du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide