Orioko Olidenek irabazi du 2021. urteko Azkoitiko San Andresetako kintopekoen idi dema saria. Azkoitiko Probalari Elkarteak antolatuta, bi jardunalditan banatuta jokatu dute aurten uztarri onenen arteko lehia. Atzo, asteartea, aritu ziren hiru etxetako idi pareek osatu dute aurtengo podiuma; izan ere, Orioko Olidenek jantzi du txapela Gurea probalekuan 57 plaza, zinta bat eta 1,38 metro eginda –39 kiloko gainkargarekin–. I. Oliden eta G. Bolaño aritu ziren itzain lanetan, eta Inazio Oliden erlojuarekin.
Oriotarraren ondoren sailkatu da Birleko (Bizkaia) Lopategi, 54 plaza, lau zinta eta 2,35 metro eginda –42 kiloko gainkargarekin–. Hirugarren, berriz, Lemoizko (Bizkaia) Txinlo etxeko idiak sailkatu dira, 53 plaza osatuta –42 kiloko gainkargarekin–. Nola astelehenean, hala atzo, jende ugari elkartu zen Gurea probalekuan, eta di dema "onak" ikusteko aukera izan dute.
Podiumetik kanpo
Astelehenean jokatu zuten lehen jardunaldia, eta orduan lau itzain eta horien idi pareak aritu ziren nor baino nor gehiago. Hala eta guztiz ere, orduan egindako markek ez dute balio izan lehen hiru onenen artean sartzeko. Maruriko (Bizkaia) Asador Iruña etxeko idiek egin zituzten plaza gehien astelehenean, eta hori horrela, laugarren sailkatu dira; 49 plaza egin zituen Gurea probalekuan –7,5 kiloko gainkargarekin–.
Bosgarren postuan sailkatu da Lezoko (Gipuzkoa) Olazar Eraikuntza etxeko uztarria, 48 plaza, bi zinta eta 3,84 metro eginda –57 kiloko gainkargarekin–; seigarrenak izan dira Errezilgo Bixkiak, 42 plaza eta 2,30 metro eginda –42 kiloko gainkargarekin–; eta, azkenik, zazpigarren sailkatu da Hernaniko (Gipuzkoa) Intxaurburu etxeko uztarria, 34 plaza egin zituen –16,5 kiloko gainkargarekin–.
(Argazkiak: Ibon Errazu)