Igandean jokatuko dute Gurean Gaztedi 2021 xake txapelketaren finala

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 6a, 09:44

Gaztedi txapelketaren aurreko finalaren irudi bat. (Anaitasuna Kakute)

24 talde lehiatuko dira guztira, bi mailatan banatuta. Anaitasuna Kakuteko talde batek hartuko du parte finalean, Handiak mailan. Iazkoa bezala, azkenean aurten ere ikuslerik gabe jokatuko dute finala.

Datorren igandean, abenduaren 12an, jokatuko dute Gaztedi 2021 xake txapelketaren finala, eta 2020koa bezala, Azkoitian egingo dute Kutxa Fundazioak babestutako gaztetxoen arteko lehiaren finala. Anaitasuna Kakutek Gipuzkoako Xake Federazioarekin batera antolatuko du igandeko saioa.

10:00etan hasiko dira partidak, eta hasierako asmoa beste bat izan arren, azkenean ikuslerik gabe eta COVID-19aren hedapena saihesteko babes neurriak hartuta jokatuko dute finala. Dena den, 1. zenbakidun mahaian jokatuko dituzten lau partidak zuzenean jarraitzeko aukera izango da Anaitasuna Kakuteren webguneko lotura honetan.

Azkoitiko talde bat lehian

24 taldek hartuko dute parte Gaztedi 2021en finalean. Bi mailatan banatuko da lehia. Handiak mailan 2004 eta 2008 urteen artean jaiotakoek osatutako zortzi talde lehiatuko dira, eta horien artean egongo da finalean parte hartuko duen Anaitasuna Kakuteren talde bakarra; Donostiako lau talde, Irungo bi eta Hondarribiako bat ariko dira handien multzo horretan azkoitiarrekin batera. Anaitasuna Kakuteren ordezkariek badakite dagoeneko zein izango duten lehen aurkaria: Donostiako Gros A taldea, faboritoetako bat.

Txikiak mailako finala (2009 eta 2010 urteetan jaiotakoena) jendetsuagoa izango da. Hamasei taldek hartuko dute parte maila horreta: Donostiako bostek, Irungo lauk, Hondarribiko hiruk, Zumaiako beste hiruk eta Beasaingo batek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide