Garaipenaren bidea berreskuratu dute Anaitasunaren talde nagusiek

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 5a, 09:56

Anaitasunako emakumeak gola ospatzen, atzo. (Anaitasuna FT)

Biek etxean jokatu zuten atzo. Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak 4 eta 1 irabazi zion Bizkerre B-ri, eta Espainiako Hirugarren Mailakoek 2 eta 0 gainditu zuten Santutxu.

Anaitasuna futbol klubaren talde nagusiek jardunaldi borobila izan dute. Etxean jokatu zuten biek atzo, eta garaipen bana poltsikoratu zuten, beren ligetako goiko postuetan jarraitzeko hiruna puntu on batuz.

San Juanen, Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak 4 eta 1 gainditu zuen Bizkerre B, sailkapenaren atzeko partean dabilen taldea. Partidaren hasiera, ordea, amaierako emaitzaren oso bestelakoa izan zen. Neurketa hasi eta berehala, laugarren minutuan, Anaitasunakoek atzean egindako hutsa baliatu zuten getxoztarrek gola egiteko. Hotzean jasotako kolpeari buelta ematea kostatu zitzaien Gorka Zubizarretaren taldekoei, baina markagailua berdintzea lortu zuten azkenean, 26. minutuan: area kanpoan aldaratze bat jaso eta bertatik jaurtita egin zuen banakoa Irantzuk. Atsedenaldiaren atarian, 42. minutuan, egin zuen bigarrena Anaitasunak: Irantzuk ateratako kornerra buruz errematatu zuen Ane Juaristik area txikian. Lehen zati parekatua azkoitiarrak aurretik zirela bukatu zen, horrenbestez. Bigarren zatian, berriz, etxekoak nagusitu ziren eta markagailua beste bi golekin borobiltzea lortu ere bai. Bigarren zati horren lehen erdian iritsi ziren golak. Maria Juaristik egin zuen 3 eta 1ekoa 60. minutuan, Ainhoak zelai erditik ateratako falta batean baloia area barrutik sareratuta; eta Irantzuk bere bigarren golarekin borobildu zuen emaitza 67.ean, Joneren erdiraketa bikainari etekina aterata. 11 partida jokatuta, alerik galdu gabe jarraitzen du Anaitasunak; sei garaipenekin eta bost berdinketarekin, sailkapenean hirugarrenak dira azkoitiarrak, 23 punturekin.

Txerloian, aurreko jardunaldian Deustoren zelaian jasotako porrotaren garratza gozatzeko parada izan zuen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak. Bilboko beste talde bat zuten aurkari atzo, Santutxu, eta 2 eta 0 nagusitu zen Anaitasuna. Ondo sartu ziren neurketan Xabi Artetxeren gizonak. Kanpokoen jaurtiketa solte bat kenduta, azkoitiarrenak izan ziren erasoko jokaldi guztiak lehen zatian. Goletik gertu ibili ziren behin baino gehiagotan, batik bat lehen zatiko azken erdian, baina markagailua hutsean zela eta Anaitasunaren nagusitasuna emaitzan islatu gabe iritsi zen atsedenaldia. Lehen zatian ukatutakoa, ordea, bigarren zatia hasi eta berehala iritsi zen: 47. minutuan egin zuen gola Axi Ugartek, Agirreren jokaldi bikainari merezitako ginga jarriz. 54.ean berriro bidali zuen baloia sare barrura Ugartek, baina jokoz kanpokoa adierazi zuen epaileak. 77.ean, Santutxukoek partida berdintzeko abagunea izan zuten kontraerasoko jokaldi batean, baina Markel Eskurtzak bikain desegin zuen arriskua. Eta handik hiru minutura, behin betikoa izango zen 2 eta 0ekoa egin zuen Mikel Pastriainek, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin. Azken minutuetan Julen Aramendi saiatu zen aldea handitzen, eta Santutxuk ere izan zuen alde hori murrizteko aukera bat, baina ez zen beste golik izan. Bosgarren tokian dago gaur-gaurkoz Anaitasuna, igoerako play-offa jokatzeko aukera ematen duen azken postuan, alegia, oso estu dagoen sailkapenaren goi aldean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide