Eduki babestua: Urolanprest

Belen Rodriguez: "Enpresek apustua egitea behar dugu, lan egiteko gogoz dagoen pertsona eta emakume ugari daudelako"

Maxixatzen.eus 2021ko abe. 1a, 10:45

Industrian emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko, genero estereotipoekin amaitu behar da; gazteek ikasketa teknikoak ikastea sustatu eta sektore horietan aritzen diren emakumeei ikusgarritasuna eman. Belen Rodriguezek industrian lan egin zuen garai batean. Ondoren, zerbitzuen arlora jo zuen, eta saltoki desberdinetan aritu izan da lanean. Pandemiak eragindako krisiaren ondorioz, ordea, lanik gabe gelditu eta aldatzea erabaki zuen. Sidenor enpresak eman zion horretarako aukera, eta oso gustura azaldu da.

Zerk bultzatu zintuen industrian lanean hastera?

Ehungintzaren munduan egiten nuen lan, baina enpresa itxi egin zen, eta Iraurgi Berritzenen Azpeitiko Enplegu Zentrora joatea erabaki nuen, izan nitzakeen aukerak ikusteko. Curriculuma osatzean, industria arloan lan egindakoa naizela ohartu zen orientatzailea, eta hortik bideratzea erabaki genuen. Izan ere, lan asko dagoen arloa da industria, indartsu dago, soldata onak eskaintzen ditu... Zortea izan nuen, eta Sidenor enpresan hartu ninduten; bertan eskaini zidaten behar nuen formazioa.

Gustura ari al zara lanean industrian? Zer oztopo aurkitu dituzu?

Oso gustura eta oso eskertua nago. Ez dut inolako oztoporik izan; are gehiago, lehen minututik taldeko kide sentiarazi naute. Enpresek apustua egitea behar dugu, lan egiteko gogoz dagoen pertsona eta emakume ugari daudelako.

Industriara jauzi egitea pentsatzen ari den emakume bat nola animatuko zenuke saltoa ematera?

Orain, askotan pentsatu izan dut pausoa lehenago zergatik ez nuen eman... Emakume denak animatu nahiko nituzke. Baina bi aldeko zerbait dela esango nuke; hau da, emakumea eta enpresaria, biak animatuko nituzke. Industria gizonezkoen arloa izan da tradizionalki, baina kultura aldetik aldaketa behar dugu, eta enpresariek pausoa ematen ez badute, emakumeok ezingo dugu inoiz aurrera egin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide