Honako hau da Sostenipe talde feministak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna dela eta, kaleratu duen idatzia:
"Azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna da. Aurten ere, Euskal Herriko Mugimendu Feminista kalera aterako da emakume* izate hutsagatik egunero pairatzen ditugun indarkeria anizkoitzik gabeko bizitza askeen alde. Beraz, feministok borrokarako eguna dugu honakoa.
Minduta, nazkatuta, eta amorruak ematen digun indarrarekin iritsi gara azaroaren 25era. Aurten, ofizialki, bost emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta etxeetan zein kalean pairatu izan dugun biolentzia izugarria izan da azken urteetan. Ehunka eta ehunka dira ere, LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako eraso, gorrotso diskurtso eta sexu orientazioagatik zein genero identitateagatik ematen diren bazterketak. Noiz arte? Jendarte eredu hau jasangaitza da emakume eta genero disidenteontzat! Politika feministak, prebentzioan sakontzeko baliabide pedagogikoak eta jendarte osoaren ardura hartzea behar dugu.
Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzional bakoitzak ildo horretan lan egitea exigitzen dugu, indarkeria matxistarik gabe bizitzea gure eskubidea baita. Erakunde konprometituak behar ditugu eta ez morez mozorroturiko adierazpen instituzional, ez elkarretaratze ezta argazkirik ere. Ez dugu onartuko benetako neurri eraginkorrik eta aurrekonturik gabeko berdintasun politika hutsalik, ezta zerbitzu publikoen prekarizaziorik ere. Promesa faltsuez nazkatuta gaude.
Gaurkoan, indarkeria matxistarik gabeko bizitza orain! diogu, eta autodefentsa feminista antolatu baten aldeko aldarria behartzen dugu gure bizitzak defendatzeko, ikasi ditugun arauak zalantza jartzeko, indarkeria zein errealitate ezberdinei modu indibidualean eta kolektiboan aurre egiteko. Kaleak hartu eta zuenganatu nahi dituzuen espazioen jabe egingo gara berriro. Nazkatu gara beldurra izateaz, guk boteretze kolektiboaren aldeko hautua egiten dugu".