Sanandresak 2021

Bozeramaile Batzordeak bihar erabakiko du San Andres festekin aurrera egin edo ez

Ane Olaizola 2021ko aza. 24a, 11:49

COVID-19aren bilakaera dela eta, bigarren urtez jarraian, ez dituzte jan-edaneko postuak jarriko herriko plazan, ikastetxeek eta eragileek Maxixatzeni ziurtatu diotenez. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bihar argiraratuko du koronabirusaren bilakaera jasotzen duen txostena; astelehenean 342,15ekoa zen herriko inzidentzia tasa. 

Ate joka dira sanandresak Azkoitian, baina COVID-19aren azken egunetako bilakaerak kolokan jarri ditu festak. Hori hala, joan zen astean danborradarekin zer egin erabakitzeko egin zuten bezala, oraingoan ere Bozeramaile Batzordeak erabakiko du festetarako antolatu ohi dituzten ekitaldiek aurrera egingo duen ala bertan behera utziko dituzten. Udalak adierazi duenez, bihar elkartuko da Bozeramaile Batzordea, 18:00etan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak orduan argitaratuko du koronabirusaren azken hiru egunetako inzidentzia tasa jasotzen duen txostena. Astelehenean, 342,15ekoa zen herriko inzidentzia tasa. 

Askotariko ekintzek hartu ohi dute herria San Andres egunean, azaroaren 30ean, eta plazan jartzen dituzten txosnek hartu ohi dute protagonismoa egun horretan. Postuak jartzen dituzten ikastetxeen zein eragileen ordezkariek atzo, asteartea, egin zuten bilera horiekin zer egin erabakitzeko, eta horiek Maxixatzeni jakinarazi diotenez, aurten ere ez dute txosnarik jarriko. 

Iaz ez bezala, aurten sanandresetako ekintza guztiak antolatzeko asmoa zuten antolatzaileek, baina azken astean bertan behera utzi dituzte horietako batzuk, hala nola Txuri Urdin elkarteak antolatzen duen XXXIX. Marrazki eta Pintura Lehiaketa eta Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako umeek eta Kandiola dantza taldeak parte hartzen duten dantzari txikien kalejira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide