Sanandresak 2021

Juan Carlos Valorrek irabazi du San Andres Xake Txapelketaren XXVI. edizioa

Anartz Izagirre 2021ko aza. 21a, 19:11

Gaur jokatu dute txapelketa Anaitasuna-Kakuteren egoitzan, eta 7,5 punturekin Juan Carlos Valor izan da irabazlea. Bigarren postuan, aldiz, Anibal Fernandez gelditu da.

San Andres Xake Txapelketaren XXVI. edizioak badu irabazlea: Juan Carlos Valor. Gaur, igandea, jokatu dute txapelketa Anaitasuna-Kakute xake taldearen egoitzan, eta zortzi partidatan 7,5 puntu erdietsita, lehen postuan gelditu da azkoitiarra. Bigarren postuan, berriz, Anibal Fernandez gelditu da, zazpi punturekin; Fernandezek zortzigarren partidan ezin izan du Valor mendean hartu, eta azken norgehiagoka horretan erabaki da garailea. Hirugarren postuan, berriz, Juan Manuel Navarro gelditu da, sei punturekin.

Gaurkoan, aforo murrizketarekin bada ere, aurrez aurre jokatu ahal izan dute San Andres Xake Txapelketa —iaz online egin zuten—, eta Angel Martin Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotziak ohorezko sakea egin du lehen partidan, baita Anaitasuna-Kakute xake taldeko presidenteorde den Asier Plazaolak ere. Antolatzaileak "oso gustura" agertu dira txapelketarekin, Internet bidezko xake emankizunak "oso arrakastatsuak" izan direlako. Hori dela eta, datorren abenduaren 12an Gurea pilotalekuan egingo den Kutxa Fundazioaren Gaztedi txapelketaren finalean ere online eskainiko dituzte partidak.

(Argazkiak: Anaitasuna-Kakute xake taldea)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide