Gazteak eta Garapena taldeak eta salestarrek hainbat ekintza egin dituzte Beningo Cotonou hirian duten proiektura dirua bideratzeko. Horien artean, hiri horretako kaleetan bizi diren umeei laguntzeko dirua bildu asmoz, zozketa egin dute, eta antolatzaileek dagoeneko eman dute zenbaki irabazlearen berri.
Zenbaki sariduna 7.982 da, eta antolatzaileen arabera urriaren 9an saldu zuten eliz atarian. Txartel sariduna duenak azaroaren 26a, asteazkena, baino lehen abisatu beharko du, 605 72 88 81 telefonora deituta. Irabazlea agertuko ez balitz, 1.535 litzateke ordezko zenbakia.
Irabazleak hainbat sari jasoko ditu, hala nola Igor Zubeldia Realeko futbol jokalari azkoitiarrak eta Imanol Aleson mendi lasterkari azkoitiarrak sinatutako kamiseta bana, Miguel Angel Zubizarreta Bolante eta Maite Agirre Krispin margolari azkoitiarrek egindako koadro bana, Joseba jatetxean bi lagunentzako otordua, Elikagune taldeak emandako janari saskia eta Xoxote artzain gazta.