Datorren larunbatean, azaroak 27, igeriketako San Andres Saria txapelketa egitekoak ziren Elkargunean, baina Zubiaurre Igeriketa Klubak proba bertan behera uztea erabaki du. Klubak adierazi duenez, COVID-19ak eragindako pandemiaren bilakaerak bultzatu ditu erabaki hori hartzera: "Oraingoz, Azkoitia eremu gorrian ez badago ere, intzidentzia maila goraka doa, eta osasun neurri guztiak bermatuko dituen lehiaketa antolatzea zaila ikusten du zuzendaritza taldeak. Besteak beste, 12 urtetik beherako haurrak dira sariketa horretan parte hartzen dutenak, eta txertatu gabeko kolektiboa izanda, gaur egun, kutsatzeak adin tarte horretan ari dira gora egiten".
Zubiaurreko arduradunek azpimarratu dute "zuhurtziaz" jokatzeko unea dela orain, eta "egoerak ahalbideratzen duenean" San Andres Saria antolatzeko ahalegina egingo dutela; hala eta guztiz, momentuz ez dute data berririk aurreratu.