Igande honetan, hilak 21, Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketaren finala izango da gomazko paleten kategorian, eta bi azkoitiar izango dira nagusien lehen mailako finalean: Jokin Aizpuru eta Iker Epelde. Azkoitiko bikoteak Danok Bat taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, Igor Elezgarairen eta Xabier Garalderen aurka, hain justu.
Norgehiagoka Hernanin (Gipuzkoa) jokatuko dute, 17:00etan hasita. Lehen faseko sailkapen nagusian bigarren postuan amaitu zuten denboraldia azkoitiarrek, sei partidetatik lau irabazita eta bi galduta, eta azken fasean finalera sailkatu ziren, Pagazpe taldea txapelketatik erretiratu egin zelako.
Emakumeen finala ere leku eta egun berean jokatuko da. Su Berri taldeko Leire Galdosek eta Maider Mendizabalek Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta hernaniarren aurka neurtuko dituzte indarrak.