Eremu horian dago Azkoitia, eta momentuz ez dute neurri murriztailerik ezarriko herrian

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 15a, 14:11

233,36ko intzidentzia tasa du une honetan Azkoitiak, eta azken zazpi egunetan hamabi positibo hauteman ditu Osakidetzak. Beraz, momentuz herrian ez dute eraginik izango Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian dauden udalerrietan ezarri nahi dituen neurri murriztaileek.

Azkoitiak eremu horian jarraituko du beste astebetez. Eusko Jaurlaritzak astero ateratzen ditu koronabirusaren pandemiaren gaineko datuak, eta gaur, astelehenarekin, azken astebetekoen berri eman du.

Azken zazpi egunetan hamabi lagunek eman dute positibo herrian, eta 233,36koa da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa. Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileak iragarriko ditu bihar, asteartea, eremu gorrian dauden herrietarako; eta, beraz, Azkoitian momentuz ez dute neurri horiek eraginik izango. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bihar emango du horien berri, Gobernu Kontseiluaren ostean, baina neurrion helburua jende pilaketak saihestea dela aurreratu dute.

Gaur-gaurkoz, Azpeitia da eremu gorrian dagoen Urola Kosta eskualdeko udalerri bakarra, baina Gipuzkoako beste bost udalerritan ere intzidentzia tasa altuak dituzte: Astigarraga, Segura, Tolosa, Urretxu eta Zumarraga.

5.000 biztanletik gorako eskualdeko gainerako herrietan ere ezin da esan lasaitasuna nagusi denik. Guztiak eremu horian daude sartuta: Orio 260,93ko tasarekin, Zarautz 261,28koarekin eta Zumaia 111,94koarekin. Gainerako herriek 5.000 biztanle baino gutxiago dituztenez, Jaurlaritzak ez ditu koloreetako eremuetan sartzen, baina Getariak eta Aizarnazabalek, esaterako, 1.554,77ko eta 910eko tasak dituzte hurrenez hurren.

Goranzko joera

Hego Euskal Herrian nabarmena izaten ari da PCR eta antigeno probetan atzematen ari diren positibo kopuruaren goranzko joera; izan ere, astebetean 2.644 positibo zenbatu dituzte. Atzo 5.480 proba egin zituen Osakidetzak eta Osasunbideak, eta guztira, 439 positibo detektatu zituzten.

Lurraldeka, Gipuzkoan baieztatu dituzte kasu berri gehien: 160. Bizkaian 133 izan dira, Nafarroan 130 eta Araban hamar. Uneotan COVID-19ak jotako 114 lagun daude Osakidetzaren mendeko zentroetan, horietatik 30 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Nafarroan 43 dira ospitaletan dauden herritarrak, eta horietatik zortzi ZIUn daude.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide