Denboraldiko bigarren garaipena pilatu du Juaristi ISBk

Andoni Elduaien 2021ko aza. 15a, 09:00

Juaristi ISBko jokalaria saskiratzearen bila. (Mikel Otola)

Denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuen atzo Iñaki Jimenez entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak. Garaipenak balio bikoitza du, CB Prat taldea sailkapeneko beheko postuetako aurkaria baitu Juaristi ISBk. Orain, garaipenetan berdinduta daude bi taldeak. Ondrej Hanzlik izan zen etxekoen jokalari onena. Azkoitia-Azpeitia ISBk, aldiz, denboraldiko zortzigarren porrota jaso zuen.

Juaristi ISBk 77-72 menderatu zuen atzo, igandea, Kataluniako CB Prat saskibaloi taldea, Azpeitiko kiroldegian. Denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuen ISBk, etxeko bigarrena jarraian. CB Prat izan zuen aurrean Iñaki Jimenezek gidatzen duen taldeak, ISBrekin batera beheko postuetatik ihes egin nahian ari den taldea. Garaipena lortuta, orain, ISB eta CB Prat taldeek bina garaipen dituzte.

20-13, 38-34, 68-55 eta 77-72; horiek izan ziren lau laurdenen amaieran markagailuak erakustean zuena. Ondo ekin zion partidari ISBk, zazpi puntuko errenta lortu baitzuen lehen hamar minutuen ondoren. Bigarren laurdenean bisitariak gerturatu egin zien, baina atsedenaldira lau puntuko abantaila txikiarekin iritsi zen ISB.

Aldageletatik bueltan hautsi zuen norgehiagoka Juaristi ISBk; izan ere, hamahiru puntuko aldea (68-55) zuen taldeak laurdenaren amaieran. 30 puntu saskiratu zituen ISBk laurden horretan, baina puntuz urriago aritu zen azken laurdenean, eta neurketa asko estutu zen neurketaren amaieran. Halere, errenta txikiari eusten asmatu zuen etxeko taldeak, eta garaipena Azpeitian gelditu zen. 

Ondrej Hanzlik izan zen Juaristi ISBko jokalaririk onena; 19 puntu saskiratu zituen, eta 19 puntuko balorazioa lortu zuen. Txekiarrarekin batera, Sidy Cissokok eta Ibon Guridik lortu zituzten balorazio altuenak, biek 11 puntukoa. Datorren asteburuan, Tau Castelló taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Juaristi ISBk.

Neskek, galdu

Azkoitia-Azpeitia ISBk denboraldiko zortzigarren porrota jaso zuen atzo, igandea, Recoletas Zamora taldearen aurka; Andoni Lazkanoren taldea 68-51 erori zen Gaztela eta Leongo (Espainia) taldearen aurka. Atsedenaldirako hamar puntuko abantaila zuen etxeko taldeak. Hirugarren laurdenean erreakzionatu zuten ISBko neskek, baina ez zen nahikoa izan denboraldiko bigarren garaipena lortzeko. Juan Maria Molina eta Anisha George nabarmendu ziren ISBn; 16 eta 12 puntuko balorazioak eskuratu zituzten, hurrenez hurren.

Lazkanok zuzentzen duen taldea sailkapeneko azken-aurreko postuan dago, garaipen batekin. Datorren asteburuan, Barça CBS taldearen aurkako partida jokatuko du. Kataluniarrak sailkapeneko bigarrenak dira, eta ezbairik gabe, neurketa zaila izango dute neskek. Azkoitiko Elkargunean jokatuko dute partida.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide