Beñat Axiari kantari eta perkusio jotzaile donepalautarrak ireki zituen Matadeixen atzo, igandea, udazkeneko Bebarruko Jardunek. Musikariak bere ibilbide emankorreko hainbat abesti taularatu zituen ikus-entzuleen aurrean.
Beñat Axiarik hainbat taldetan eta egitasmotan parte hartzen du musikari gisa, eta, urteak aurrera, horietako lan batek edo bestek izaten du isla grabazioren batean. 35 urteko haren diskografia osatzen duten 40tik gora grabazioak haren emaitzaren isla dira, baina modu partzialean. Atzo, Matadeixen elkartu ziren ikus-entzuleak asetu zituen bere doinuekin.
Ekintza gehiago aurrerago
Bebarruko Jardunek, baina, hasi besterik ez dira egin; izan ere, hilaren 21ean Ama Say Ortuellako taldeak (Bizkaia) rock doinuz girotuko du aretoa, eta segidan, Ana Arsuaga igoko da taula gainera. Verde Prato proiektuarekin bidez, musika eta margoa uztartzen ditu tolosarrak. 18:30ean hasiko dira egun horretako emanaldiak.
Abenduaren 7an izango dira ekimeneko azken kontzertuak: Ramona's First Evil Boyfriend Azkoitiko bikoteak eskainiko du zuzenekoa, 22:00etan, eta segidan, Tilde taldeak itxiko du udazkeneko Bebarruko Jardunen egitaraua.