Intzidentzia tasa altua duten herrietan murrizketak iragarriko ditu Jaurlaritzak

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 14a, 13:53

Azkoitiko eliz ataria.

Jaurlaritzak "beharrezkoa" ikusi du eremu gorrian dauden herrietan murrizketak ezartzea. Eremu gorrian sartzeko, intzidentzia tasak 400 baino altuagoa izan behar du, eta joan den asteleheneko datuen arabera, Azkoitia 208,63koa du; eremu horian dago, beraz, herria. Bihar, astelehena, eguneratuko ditu Osasun Sailak datuak, eta etzi, asteartea, iragarriko ditu neurri berriak. 

COVID-19 kasuak ugaritzen ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta goranzko joera hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak erabaki du neurri murriztaileak indarrean jartzea. Hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 150etik gorakoa da hiru lurralde horietan, eta Jaurlaritzaren arabera "COVID-19aren transmisio maila altua" da.

Hori horrela, jende pilaketak ekiditeko neurri murriztaileak ezarriko dituzte eremu gorrietan dauden herrietan. Neurri berrien inguruko informazio zehatza etzi, asteartea, emango du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Gobernu Kontseiluaren ostean egingo duen prentsaurrekoan. Joan den astelehenean Osasun Sailak emandako datuen arabera, Azkoitian 208,63koa da intzidentzia tasa, eta beraz, eremu horian dago. 

Osasun Sailak astelehenetan eguneratzen ditu herriz herriko datuak, eta beraz, bihar emango dute informazio eguneratua. Dena dela, joan zen asteleheneko datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrien artean honako hauek zeuden eremu gorrian: Agurain, Abadiño, Astigarraga, Azpeitia eta Zumarraga.

Eskualdeko herriek honako intzidentzia tasa hauek zituzten azaroaren 8ko txostenean jaso zutenez: Aian 50,38, Aizarnazabalen 390,12, Azpeitian 670,17, Beizaman eta Errezilen 0, Getarian 1.448,76, Orion 16,31, Zarautzen 171,33, Zestoan 128,40 eta Zumaian 81,41. Urola Kostan, Azpeitiak eta Getariak dute 400dik gorako intzidentzia tasa, baina Getaria 5.000 biztanletik beherako herria denez, printzipioz ez dago eremu gorrian dauden herrien zerrendan.

Nafarroan ere okerrera

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuen gisan, Nafarroakoek ere goranzko joera adierazten dute. Atzo, 159 kasu zenbatu zituzten lurralde horretan; azken hiru hilabeteetako kopururik altuena. Nafarroako Gobernua, gainera, gaueko aisialdian COVID-19 pasaportearen erabilera ezartzeko aukera aztertzen ari da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide