Datorren larunbatean, azaroaren 20an, egingo dute Azkoitiko XVI. Herri Lasterketa. Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton kirol elkarteak gaur, larunbata, egin du probaren aurkezpena Milar Larramendi dendaren atarian, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko 200 korrikalarik eman dute izena. "Garai honetarako inoiz egin den izen-emate kopuru handiena da", azaldu dute.
Duela bi urte ospatu zen izen-emate kopurua ere gainditu du probak, orduan 160 lasterkari inguru aritu baitziren korrika errepidearen gainean. Azken herri lasterketa Iker Ortiz de Zaratek eta Nerea Etxeberriak irabazi zuten. Ohi bezala, aurten ere herri lasterketa 16:30ean hasiko da, eta azken urteetako probetan bezala, 10 kilometro egin beharko dituzte parte hartzaileek. Hain zuzen ere, zirkuitu bati bi itzuli eman beharko dizkiote korrikalariek; herriko plazan izango ditu irteera eta helmuga.
Hala eta guztiz ere, izango du berrikuntzarik aurtengo probak; izan ere, antolatzaileek adierazi dute lasterketaren irteeran eta helmugan maskara jantzi beharko dutela korrikalariek. Probari hasiera eman eta "lasterketa luzatu arte", maskara jantzita eramateko gomendioa egin diete antolatzaileek korrikalariei, eta berdin jokatzeko eskatu diete helmugara iritsitakoan.
Izen-ematea, zabalik
Probarako izen emate epea zabalik da urriaz geroztik. Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena, 13 euroren truke. Izena emateko azken eguna datorren ostirala, azaroak 19, izango da. Aldiz, Raka Maratoneko kideek kirol elkartearen helbide elektronikora idaztea nahikoa izango dute proban izena emateko. Aurten, ezingo da egunean bertan probarako izenik eman. Proban 302 lagunek eman ahal dute izena gehienez, hori baita antolatzaile taldeak zehaztu duen dortsal kopurua.
Beste behin, helmugara iristen diren lehenengo hiru gizonezkoek eta emakumezkoek jasoko dituzte sariak; zozketak ere egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. Halaber, kirolariek herri lasterketako kamiseta eta poltsa bana jasoko dituzte. Kirol elkarteak eskerrak eman dizkiete proba egin ahal izateko babesa eman dieten babesleei eta boluntarioei.