Azpeitiko San Silbestre lasterketan izena emateko epea, zabalik

Erabiltzailearen aurpegia XEYE atletismo taldea 2021ko aza. 10a, 19:25

2019ko San Silbestre lasterketako irteera puntua.

Ohi bezala, bi proba izango dira aurten: lasterketa irekia 11:30ean, eta lasterketa herrikoia 12:00etan. Proba irekian ez dago izena eman beharrik; bai, ordea, herrikoian. Kirolprobak.com helbidean eman behar da izena.

Aurtengoa Azpeitiko San Silbestre lasterketaren hogeigarren ekinaldia izango da, eta azken urteetan bezala, bi proba izango dira: lasterketa irekia 11:30ean, eta lasterketa herrikoia 12:00etan. Azpeitiko plazan hasi eta amaituko dira bi probak.

Lasterketa irekiak ez du sailkapenik izango, eta parte hartzeko ez dago izena eman beharrik; nahikoa izango da egunean 11:30erako plazara agertzea. Inklusioaren aldeko korrika saioa izango da, 600 metroko distantzia duena. Herritarrak animatu ditugu parte hartzera. Aukera bikaina iruditzen zaigu, besteak beste, haurrek beren gurasoekin parte hartzeko, korrika inoiz egin ez duen jendea une batez horretan aritzeko eta inklusioaren bidean bakoitzak bere aletxoa jartzeko. Lasterketa jai bat izatea nahi dugu; aukera ederra da Alde Zaharreko kaleetan barrena korrika eginez denok elkarrekin gozatzeko.

Horren ostean hasiko da lasterketa herrikoia. Ohi bezala, 5,8 kilometroko distantzia izango du probak: ibilbide bati bi itzuli eman beharko dizkiote partaideek. Podiumaren bila joango diren horietatik harago, gure nahia da jendeak urtea kirola eginez agurtzea. Horretarako, iruditzen zaigu egokia dela egin beharreko distantzia. Dagoeneko zabalik da lasterketan izena emateko epea; Kirolprobak.com helbidean dago horretarako aukera. Internet bidez izena emateko epea abenduaren 28an, asteartea, amaituko da, 23:59an; bederatzi euro ordaindu beharko da izen ematea. Hortik aurrera, lasterketaren aurreko egunean –abenduak 30, osteguna– eta egunean bertan –abenduak 31, ostirala– eman ahal izango da izena, Azpeitiko Azoka Plazan, hamabost euro ordainduta.

2007tik aurrera jaiotakoek ezingo dute lasterketa herrikoian parte hartu; bai, ordea, lasterketa irekian. 2007tik aurrera jaiotakoek, aldiz, lasterketa herrikoian parte hartzeko aukera izango dute.

Dortsalak eta txipa

Korrikalariek dortsalean izango dute txipa; beraz, ez da horretaz arduratu beharrik izango. Dortsalak lasterketaren aurreko egunean eta egunean bertan banatuko dituzte, Azpeitiko Azoka Plazan. Abenduaren 31n 10:00etan hasiko dira dortsalak banatzen, eta proba hasi baino ordu erdi lehenagora arte ariko dira zeregin horretan. Aurten 700 dortsal izango dira; behin baino gehiagotan agortu izan dira dortsalak, eta beraz, ez itxaron izena eman gabe azken unera arte. 

Proba amaitu ostean dutxatu nahi dutenek Izarraitz pilotalekuan izango dute horretarako aukera. Irteera gunetik ehun metrora dago frontoia, eta bertan izango da arropak uzteko aukera ere. Urtero bezala, sariak izango dira aurreneko hiru gizonentzat eta emakumeentzat, baita lehen azpeitiarrentzat eta azkoitiarrentzat ere. Gainera, parte hartzaile denen artean zozketak egingo dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide