Egoitzaren egoera dela eta, hainbat protesta egin dute egoiliarrek, langileek eta senideek. Haiekin hitz egiteko aukera izan al duzue?
Hitz egin dugu, ez kolektibo gisa hartuta, baina bai banaka. Gugana jo dute zuzenean edo taldeko zinegotzien bidez, eta zuzenean jaso dugu hainbaten informazioa. Uste dut horrelako gaietan zarata mediatikoak ez duela batere laguntzen. Hitz egin behar genuenekin hitz egin dugula uste dut, eta hitz egiten jarraituko dugu. Entzuten ditugu, eta esandakoak aintzat hartu ere bai. Ezin da esan informaziorik ez dugunik eta ez dugula hitz egin.
Bilerara joateko eskaera ukatu zien Kabiak langileei eta egoiliarrei. Nola interpretatzen duzue erabakia?
Bilera hura arrazoi bategatik deitu zen: EH Bilduk eta Azkoitia Baik egindako idatziari erantzuteko. Puntuz puntu eman ziren erantzun guztiak. Langileekin egon daitezkeen arazoak eztabaidatzeko edo mahaigaineratzeko beste foro edo topagune batzuk daude. Horrela azaldu zigun Aldundiak, eta errespetagarria dela deritzot.
"Udalaren eta aldundiaren borondatea da egoiliarrak ahalik eta ondoen egotea"
Udalak zer egin dezake egoera bideratzeko?
Udalari ez dagokio langileen gatazkan sartzea; langileek eta enpresak beren artean hitz egin behar dute. Zerbitzuari dagokionez, zuzendu beharreko hainbat arazo bideratuta daude, edo bideratze bidean, batzuk epe luzeagoa eskatzen dutelako. Aldundiaren eta udalaren borondatea da egoiliarrak ahalik eta ondoen egotea. Horretan denok bat egiten dugu. Horrelako gai bat ezin da demagogia egiteko erabili, eta hori elikatzen dutenei elkarlanerako prestutasuna eta jarrera eraikitzailea eskatu behar dizkiegu.
Udalak gertutik ezagutzen al du egoitzaren egoera zein den?
Zer da gertutik ezagutzea? Urtean hainbatetan joaten gara bertara, eta hainbat egoiliar pertsonalki ezagutzen ditugu. Gizarte Zerbitzuetatik ere jarraipena egiten da. Sasoi batean, udalaren eta herritarren edota zerbitzu publikoen erabiltzaileak ez ziren beharbada udaletxera gerturatuko. Orain, ez da halakorik gertatzen. Herritarrek badakite nora jo edozein arazoren aurrean, eta horrek hartu-emanak errazten eta arintzen ditu.
"Zuzendu beharreko hainbat arazo bideratuta edo bideratze bidean daude"
Senideen eta egoiliarren beste eskaera bat da egoitza herrigunera eramatea. Aurrerapenik egin al da bide horretan?
Oraingoz, aurretik esan dugunari eutsi beharra daukagu. Une honetan ezinezkoa da San Jose egoitza bere osotasunean herrigunera jaistea, besteak beste, ez dagoelako eraikin aproposik. Borondateak eta bideragarritasunak eskutik joan behar dute, eta kasu honetan, ez doaz bat.
Edonola ere, uste dut pandemian ikusi dela egoitzaren egungo kokapenak alde oso onak ere badituela. Kontuan hartu behar da egoiliarren profila. Gehiengo handi batek mendekotasun oso handia du, eta horretarako leku lasaia da hura; berdegune handia du eta egoiliarrak kanpora ateratzeko egoki dago.
Esan genuen, egoitza herrira ekarri ezin denez, irisgarritasuna hobetuta gerturatuko genuela herria egoitzara, eta emandako hitza betetzen ari gara. Irisgarritasun alternatiben lanketa egiten ari gara, eta aste gutxi barru izango dugu emaitza esku artean.