San Jose egoitzako senideek, langileek eta egoiliarrek hainbat elkarretaratze egin dituzte "bizi duten egoera" salatzeko. Zer helarazi dizuete?
2021eko abuztuan, San Jose egoitzaren zerbitzuaren inguruko hainbat zalantzaren eta eskaeraren berri izan genuen. Hori dela eta, erabiltzaileei bilera bat egiteko proposatu genien, Kabia eta Biharko enpresak elkarlanean lantzen ari ziren proposamenak partekatzeko eta egoiliarrekin batera egokiak izan zitezkeen neurriak eta hobekuntzak adosteko. Zoritxarrez, gonbidapenari uko egin zioten, langileek eta senideek han parte hartzea eskatzen zutelako.
Senideei eta erabiltzaileei dagokienez, egoitzan parte hartze batzordea abian jartzeko asmoa dago. Horretarako, egoiliarrei eta senideei zuzendutako asebetetze inkestaz baliatu da enpresa, horrelako batzorde batean parte hartzeko zer interes duten ezagutzeko, eta hainbat senidek adierazi dute interesa. Batzorde hori oso bitarteko baliagarria izango da egoitzaren eta senideen nahiz egoiliarren arteko komunikazioa eta elkarlana hobetzeko. Bestetik, Kabiako kudeatzailea eta Asistentzia Arloko arduraduna ELAko eta LABeko eskualdeko ordezkariekin bildu dira, eta Biharkok langileekin hainbat bilera egin ditu antolakuntza hobetzeko asmoz.
Zer irtenbide ikusten diozue gatazkari?
Kabiaren ikuspegitik, jaso diren kezkak eta iradokizunak bideratuta daudela uste dugu. Edozein eratara ere, emandako urratsen jarraipen zuzena egingo dugu.
Udalarekin bildu zineten duela aste batzuk egoeraz hitz egiteko. Emankorra izan al zen bilera?
Bilera eraginkorra izan zen eta gainontzeko ordezkari politikoek ere bilera positiboki baloratu zuten.
Konpromisorik hartu al zuten egoitzaren kudeaketaren ardura dutenek?
Bilera hartan, puntuz puntu landu ziren arazo iturri izan zitezkeen gaiak, eta Kabia zer-nolako irtenbideak ematen ari den azaldu zen. Gaiaren jarraipen estua egiten ari gara, eta alde guztiekin gaude harremanetan.
Langileek esaten dute ratioetan dagoela arazoa, baina erakundeek diote ratioak errespetatzen direla. Halere, langileek lan karga handia dutela salatzen dute.
Pandemiak eragin handia izan du adinekoen egoitzetan. Gainera, asko luzatu den egoera izan da, eta horrek, oro har gizartean, eta adinekoen egoitzetan bereziki, eragin handia izan du langileen animoan ere.
Kabiak ezagutzen al ditu egoiliarren eskaerak?
Konkretuki, adierazitako kezkei erantzun zehatzak ematen ari gara. Eraikinari eta haren mantentze lanei dagokienez, Kabiak hainbat inbertsio gauzatu eta bideratu ditu San Jose egoitzan, hala nola sarrerako ateen kontrola hobetzeko sistemak, oheak, UPSIaren egokitzapena, itzalkinak eta abar. Erabiltzaileen arreta hobetzeko, fisioterapia eta psikologo zerbitzua zabaldu dira, otorduei zuzenduriko proiektu bat abian jarri da eta Interneterako konexioak areagotuko dira, besteak beste.