Esku hutsik gelditu dira berriro Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiak

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 7a, 09:14

Azkoitia-Azpeitia ISBk eta Ardoik atzo jokatu zuten partidaren irudi bat. (Mikel Otola)

Azkoitia-Azpeitia ISBk 48-58 galdu du etxean Ardoiren kontrako derbia, eta Alicantek 87-70 menderatu du Juaristi ISB.

Asteburu txarra izan dute berriro Iraurgi Saskibaloiaren bi talde nagusiek. Ostiralean, Juaristi ISBk ezin izan zion jarraipenik joan den astean Estudiantesen kontra gauzatutako balentriari, eta 87 eta 70 galdu zuen Alacanten (Herrialde Katalanak), HLA Alicanteren kantxan, Urrezko LEB ligaren bosgarren jardunaldian. Atzo, berriz, Azkoitia-Azpeitia ISBk derbia jokatu zuen Azpeitian Ardoiren kontra, eta nafarrentzat izan zen garaipena (48-58), LF Challenge ligaren zortzigarren jardunaldian. Iraurgiren bi taldeek garaipen bana batu dute, oraingoz, beren lehiaketetan.

Azkoitia-Azpeitia ISBk zuritik beltzera egin zuen atzo Azpeitiko kiroldegian. Andoni Lazkanoren taldea. Lehen zatian markagailuan goitik ibili ziren Iraurgikoak; lehen laurdenean 13-9 nagusitu ondoren, abantailari eutsi zioten bigarrengoan, eta 26 eta 22 aurretik iritsi ziren atsedenaldira. Atsedenak ez zien, ordea, onik egin etxekoei, eta Ardoik hankaz gora jarri zuen neurketaren norabidea hirugarren laurdena, 16 eta 23ko partzialarekin. Neurketako azken laurdena ere aurrekoaren bidetik joan zen (6-13) eta, horrenbestez, seigarren porrota jarraian Azkoitia-Azpeitia ISBrentzat.

Alacanten, sailkapenean parean zuen taldearen kontra jokatu zuen Juaristi ISBk, baina etxekoentzat izan zen ligako bigarren garaipena. Alicanterentzat izan ziren partidako partzial guztiak (27-13, 24-19, 20-19, 16-9). Lehen zatian jarri zituen garaipenaren oinarriak Alacanteko taldeak, eta Iñaki Jimenezen gizonezk ezin izan zuten neurketaren norabidea besteratu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide