Datorren azaroaren 13an, zapatua, Azkoitiko bi taldek kontzertua eskainiko dute Baztartxo antzokian. Alde batetik, Ramona's First Evil Boyfriend bikotea igoko da agertokira, 18:00etan hasita. Konfinamendu garaian sortu zuten taldea Andrea Pozok eta Jose Mari Unanuek, eta herrian eskainiko duten lehen kontzertua izango da datorren astekoa.
Bestetik, Azkoitiko eta Azpeitiko musikariek osatutako Ro taldea igoko da Baztartxoko agertokira, 19:00etan —Ramona's-en ondoren—. Post rock instrumentaleko taldea da Ro, eta Gorka Alcaldek, Josu Usobiagak, Iñigo Gonzalezek, Mikel Iraetak eta Iker Amenabarrek osatzen dute boskotea. Duela gutxi Hiriko Soinuak lehiaketa irabazi du taldeak.
Kontzertuetarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Azkoitiko Udalaren webgunean, bost euroren truke. Horrez gain, egunean bertan ere jarriko dituzte txartelak salgai Baztartxoko leihatilan.