Espainiako saskibaloiko gizonen Urrezko LEB Ligako bosgarren jardunaldia jokatu du Juaristi ISBk Estudiantes talde esanguratsuaren kontra gaur, 17:00etan hasita, Azpeitiko Kiroldegian. Ezusteko ederra izan dute saskibaloizaleek, 88-72 mendean hartu baitu Azpeiti-Azkoitiko taldeak Madrilgoa. Ligako lehen garaipena izan da gaur Iñaki Jimenezek gidatutako taldeak lortu duena. Kontrara, Estudiantesentzako sasoiko lehen porrota Azpeitian gaur jasotakoa. Beste behin, lorpen historikoa erdietsi dute ISBkoek.
Lehen laurdena puntu bateko alderarekin galtzen bukatu du etxeko taldeak, 23 eta 24. Bigarren laurden eder bat (27-9) egin ondoren, atsedenera markagailuan aurretik dela iritsi da ISB: 50 eta 33. Hirugarren laurdena ere Iraurgikoen aldekoa izan da (20-17), eta azken laurdenean, Madrilgo taldeak puntu gehiago lortu baditu ere, ezin izan du Juaristi ISBko mutilekin. 88-72 irabazita, Azpeitiko Kiroldegiko kantxan eta harmailetan poza izan da nagusi.
Ligako hurrengo jardunaldia etxetik kanpo jokatuko du Juaristi ISBk Alicanteren kontra.
Emakumeek ezin izan dute irabazi
Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak larunbat iluntzean jokatu zuen jardunaldi honetako neurketa, Pacisa Alcobendas taldearen aurka. Etxetik kanpo jokatu zuten partida, Madrilen, eta Azpeiti-Azkoitikoek ezin izan zuten garaipenik eskuratu. Hain zuzen ere, 76 eta 60 galdu zuten.