Garaipena eta berdinketa erdietsi dituzte Anaitasunaren bi talde nagusiek

Nerea Uranga 2021ko urr. 31a, 10:50

Anaitasunakoak, atzo, Pasaian. (Argazkia: Anaitasuna FT)

Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak hiru puntu eskuratu ditu Pasaiaren kontrako neurketan; Euskal Ligako emakumeek, berriz, bana egin dute Leioako Emakumeak taldearen kontra.

Anaitasuna futbol klubeko bi talde nagusiek etxetik kanpo jokatu zuten atzo. Hirugarren mailako gizonen talde gorrixek Pasaiaren kontrako neurketa jokatu zuen Pasaiako Jesus Mari Zamora futbol zelaian, eta aurkarien atean sartutako gol adina punturekin etxeratu zen, 0 eta 3 eginda. "Futbol zelai zail batean ikaragarrizko garaipena" erdietsi eta "balio handiko" hiru puntu lortu dituztela esan du Anaitasunak. Anaitasunako Julen Aramendik sartu zituen bi gol eta Xabik bat.

Neurketaren lehenengo zatian, Pasaiako futbolariak baino gehiago izan ziren gorrixek. Bigarren zatian, berriz, bi taldeek izan zituzten gol aukerak, baina ezin golik sartu. Hala ere, partida bukatzear zela, hirugarren gola sartzea lortu zuten gorrixek, Julen Aramendik egin zuen.

Sailkapen nagusian hirugarren postuan dago Anaitasuna 21 punturekin (laugarren sailkatuta dagoen Portugaleterekin puntutan berdinduta). Sailkapenaren buruan Alaves B dago (24 Puntu) eta bigarren Durango (22 puntu).

Hurrengo jardunaldia Txerloian jokatuko du Hirugarren Mailako Anaitasunak, Amurrioren kontra.

Emakumeek, bana

Anaitasunako Euskal Ligako emakumeen taldeak Bizkaian jokatu zuen atzo arratsaldean neurketa, Leioako Sarriena futbol zelaian, Leioako Emakumeak taldearen kontra. Banakoa izan zen emaitza. Partida hasi orduko gehiago ziren gorrixek, eta Leire Ucinek gola sartuta Leioakoen aurretik jarri ziren. Bigarren zatian, ordea, aurkariek gola sartuta berdinketarekin bukatu zen norgehiagoka.

Sailkapen nagusian erditik gora dago Anaitasuna, bosgarren postuan hain justu, 12 punturekin. Aurretik daude Eibar eta Leioako Emakumeak (16na puntu), Zarautz (14 puntu) eta Erandioko Betiko Neskak (14).

Hurrengo jardunaldia sailkapen buru dagoen Eibarren kontra jokatuko du Anaitasunak; datorren asteburuan, etxean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide