252 greba egunen ondoren, Gipuzkoako erresidentzietako langileek borrokan jarraitzen dute, eta atzo berriro atera ziren protestara erresidentzien atarietara, “lan baldintza eta zaintza eredu” duina eskatzeko. ELA sindikatuak deituta, protestara batu ziren Azkoitiko San Jose egoitzako langileak, eta kartelak eskuan hartuta hainbat aldarri egin zituzten. Besteak beste, Hitzarmena orain!, Lan baldintza duinak! eta Langile bat bi egoiliarrentzat? Hemen ez! zioten kartelekin egin zuten protesta.
ELAk dioenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak “egungo ereduaren defentsa” egiten segitzen du, “azken asteotan erresidentzietako errealitate gordina berriro azaleratu bada ere”. “Markel Olano ahaldun nagusiak bi egoliarreko langile bat dagoela esan arren, langile bat hamahirurentzako daudela ikusi da, egoiliarrak 14 orduz izaten dira ohean eta jan gabe, erizaintza zerbitzurik ez dago bermatua…”, salatu du sindikatuak.