Jokin Altuna eta Imad El Hamchi Lanbide Heziketako ikasle azkoitiarrek urrezko dominak lortu zituzten joan den astean Irungo (Gipuzkoa) Ficoban jokatu zen Lanbide Heziketako EuskoSkills txapelketan.
Eibarko Armeria Eskolako ikasleak dira biak. Jokin Altuna Automatizazio eta Robotika Industrialeko ikaslea da, eta Asier Gabilondo irakaslearen tutoretzapean lortu zuen urrezko domina. Aldiz, Instalazio Elektrikoak eta Automatikoak zikloko ikaslea da Imad El Hamchi, eta hark Joseba Altunaren gidaritzapean eskuratu zuen urrezko domina.
Txapelketa irabazita, biek Euskadi ordezkatuko dute 2022ko martxoan jokatuko den SpainSkills txapelketan. Ondoren, Espainiako txapeldunek EuroSkills eta World Skills munduko txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute.
Txapelketan parte hartu zuten ikasleek ikasten ari diren zikloaren berezko trebetasunak jaso dituztela erakutsi behar izan zuten; horretarako, egun eta erdian hainbat proba egin zituzten. Hala ere, EuskoSkillsek zeharkako beste gaitasun batzuk ere jartzen ditu balioan. Txapelketaren helburu nagusia da Lanbide Heziketa sustatzea eta balioestea.