Bihar, asteazkena, Azkoitiko Udalaren urriko udalbatzarra izango da, 19:00etan, udaletxeko osoko bilkura aretoan. Guztira, bederatzi puntu landuko dituzte udal hautetsiek biharko bilkuran; horien artean, Azkoitiko bandera ofiziala aldatzea bozkatuko dute, eta bihar emango dituzte gai horren inguruko xehetasun gehiago. Horrez gain, beste hainbat gaitaz ere arituko dira; besteak beste, San Jose egoitzaren ondasun higiezinaren desafektazioaz eta Sultana Jayaren inguruan EAJren eta EH Bilduren udal taldeek aurkeztuko duten mozioaz.
Hona hemen biharko gai zerrenda, osorik:
1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
2.- Azkoitiko bandera ofizialaren hasierako onespena.
3.- San Jose egoitzaren ondasun higiezinaren desafektazioaren hasierako onespena.
4.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 6 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
5.- 2022rako Taxi tarifen onespena.
6.- EAJ/PNV eta EH Bildu udal taldeek aurkeztutako mozioa: Salba dezagun Sultana Jayaren bizitza
7.- Alkatearen ekintza planaren berri ematea.
8- Aurrekontuari buruzko informazioa.
9- Galde-erreguak.