Martxan da Errigoraren udazkeneko kanpaina, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka lelopean. Ohi bezala, Nafarroa hegoaldeko jakiak salduko dituzte, eta lortutako dirua Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza sendotzera bideratuko dute. Dagoeneko prest dituzte aurtengo saskiak, eta kanpaina horrekin bat eginez, Maxixatzenek Errigoraren bi saski zozkatuko ditu bazkideen artean. Zozketan parte hartu nahi dutenek lotura honetan eman behar dute izena. Osteguneko 12:00ak bitartean izango da parte hartzeko aukera, eta hedabide honek hurrengo egunean jakinaraziko ditu irabazleak.