"Ratio duinagoak" aldarrikatzeko, protesta egin dute San Jose egoitzan

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 22a, 16:08

San Jose egoitzako beharginen elkarretaratzea. (ELA)

ELA sindikatuak deitu du elkarretaratzea, eta lurraldeko beste hainbat egoitzatan ere aldarri bera izan dute. Bestalde, urriaren 28rako eta azaroaren 12rako greba egunak deitu dituzte ELAk eta LABek.

ELA sindikatuak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur goizean zehar Gipuzkoako hainbat eguneko zentrotan eta adineko egoitzatan, eta horien artean, Azkoitiko San Jose egoitzan ere egun dute protesta langileek. Eskualdean, Azpeitiko San Martinen, Zarauzko Maria Etxetxikin eta Zumaiako San Juanen ere izan dira elkarretaratzeak.

Noemi Iruretagoiena Zarauzko eguneko zentroko ELAko delegatuak salatu duenez, Maria Etxetxikin “bi langile daude hamabost pertsona artatzeko, eta egoera okerragoa da adineko egoitzetan”. Hortaz, esan du aldundia dela gezurretan ari dena, ez langileak: “Ez da egia langile bat dagoela bi egoiliarrentzat egoitzetan”.

“Nekatuta gaude, guztira hiru urtean 252 egun egin ditugu greban, eta ez digute kasurik egiten. Nahi duguna da gutxienez aldundiak guri entzutea”, esan du.

Gaurko mobilizazioen harira, ELAk salatu du adineko egoitzetako langileen egoera “gero eta gordinagoa”  dela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “uko” egiten diola negoziazioari. “Egoitzetako errealitatea onartu ordez, egungo eredua defendatzen jarraitzen du medioetan. Hala nola, errealak ez diren ratioak daudela defendatzen ditu, bi egoiliarreko langile bat dagoela esanez, datu zuzena honakoa denean: hamahiru egoiliar daude langileko”.

Horiek izan dira gaurko protesta antolatzearen arrazoiak. “Benetako ratioak eta egoera zein den aldarrikatzeko atera gara kalera. Aldundiari eskatzen diogu erantzukizunez jokatzeko, eta mahaiaren bueltan eser dadila”. Sindikatuaren arabera, Gipuzkoako hogei zentrotan egin dute protesta gaur goizean.

Bi greba datozen egunetan

Protestez gain, grebak egiten jarraituko dute langileek. Izan ere, ELA eta LAB sindikatuek  eta Gipuzkoako Senideak taldeak urriaren 28an eta azaroaren 12an grebara deitu dituzte egoitzetako beharginak.

Hilaren 28rako hiru hitzordu zehaztu dituzte: 08:00etan lan zentro guztietan pikete informatiboak egingo dituzte; 11:00etan prentsaurrekoa egingo dute aldundiaren egoitzaren aurrean; eta 11:30ean mobilizazioa hasiko dute, egoitza aurretik.

ELAk bezala, LABek ere ratioen eredua eguneratzea eskatzen du, eta negoziazio kolektiboa berraktibatzea.

Ohi bezala, gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izango dira; hau da, praktikan, langileek ezin dute grebarik egin, soilik delegatu sindikalek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide