Udaleko Gazteria Sailak teknologia berrien erabilerari lotutako gehiegikerien eta arriskuen inguruko kontzientziazio saioak antolatu ditu. Gaztetxoak teknologiara hurbiltzeko bideojokoen edo programazioaren inguruko ikastaroak antolatzen ditu erakundeak urtean zehar, eta aste honetan eskainiko dituzten saioek teknologia berrien erabilera okerrak ekar ditzakeen arriskuen prebentzioa lantzea dute helburu.
Gaur, asteazkena, egin dute lehen saioa, Elkargunean. Hain zuzen ere, DBH1 eta DBH4 arteko neska mutilei zuzendutako saioa izan da, Bateratu goiburupean. Ostiralean, berriz, LH4 eta LH6 adin tarteko haurrei zuzendutako saioa eskainiko dute sareen eta ziberbizikidetzaren inguruan, 17:15etik 18:45era bitartean.
Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako jardunaldiez gain, hirugarren bat ere antolatu dute familientzat. Nerabezaroa konektaturik. Internet, mugikorrak eta sare sozialak, ezinbestekoak? izeneko saioa bihar izango da, 15:15etik 16:45era bitartean, Elkargunean.