Datorren asteazkenean, urriak 27, Jose Barreiro Caritasen Gipuzkoako etxe gabeko pertsonen arloko gizarte langileak 'Migratzaileak eta etxebizitza eskubidea' hitzaldia eskainiko du Elkargunean. 19:00etan hasiko da Barreiroren solasaldia, eta besteak beste, migratzaileen eta horiek duten etxebizitza eskubidearen inguruan hitz egingo du. Etxerik gabeko pertsonen aldeko kanpainaren baita antolatu du hitzaldia Gipuzkoako Caritasek Azkoitiko parrokiarekin elkarlanean.
Caritasen arabera, etxerik ez duten pertsonei laguntzen dieten erakunde guztiek egiaztatu dute gaur egungo zaintza eta babes sistemak "nahikoak ez" direla. "Premiazkoa da eskubideak unibertsalak eta denontzat berdinak izango diren gizartea eraikitzea. Hori lortzeko, hainbat erronkari erantzuteko lan egin behar dugu". Erakundearentzat gizarte osoaren zeregina da "aurrera egitea" eta pertsona guztiek etxe bat izan dezaten "ahalbidetzea".
COVID-19ak "eragin handia" izan du Caritasen hitzetan gizarteko pertsona ahulen eta baztertuen bizitzan, bereziki, etxebizitzarik ez duten pertsonenean. "Pertsona horiek ez dute babesteko, zaintzeko eta osasuna naiz lasaitasuna berreskuratzeko etxerik, eta, gainera, gizarte babeserako mekanismoak erabiltzeko zailtasunak dituzte, ez baitira nahikoak eta ez baitaude egokituta beraien errealitatera".