Denen bihotzean daude oraindik

Berria.eus 2021ko urr. 18a, 12:00

Hogei urte bete dira gaur Pumori mendian bost alpinista euskaldun hil zirela zorigaiztoko istripu batean. Euskal mendizaletasunak inoiz jasandako istripurik gogorrena izan zen hura. Betirako Pumoriren magalean gelditu ziren Javi Arkauz, Aritz Artieda eta Cesar Nieto nafarrak, Beñat Arrue azpeitiarra eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra. Berriak espedizio hartako kide ziren Xabier Ostolaza eta Jon Odriozola zestoarrak eta Jexux Mari Errazu azkoitiarra elkartu ditu urteurrena dela eta, erreportaje hau osatzeko.

Hitzartutako orduan elkartu dira Xabier Ostolaza, Jexux Mari Errazu eta Jon Odriozola, Zestoan (Gipuzkoa) —Osinalde ezin izan da agertu, lana dela eta—. Denbora zen ez zirela hirurak elkartzen, eta besarkadak izan dira ikusi orduko. Saminez gogoratu dute duela 20 urte gertatutakoa, bizi behar izan zutena. Bikain zihoan Pumoriko espedizioa, baina tragedia bihurtu zuen elur jausi batek. Javi Arkauz, Aritz Artieda, Cesar Nieto, Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza hantxe hil ziren. Euskal Herriko alpinismoak inoiz izan duen istripurik gogorrenetakoa izan zen. Hirurak hunkitu egiten dira espedizioko kideez gogoratzean, baina, denborarekin, ikasi dute ordukoaz hitz egiten.

Jexux Mari Errazu (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975) izan zen 2001eko Pumoriko espedizioa antolatzen hasi ziren lehenetako bat. 2000. urtean, Perun egona zen Beñat Arruerekin eta Iñaki Aiertzarekin. Huascaranera (Peru, Andeak, 6.768 metro) eta Alpamayora (Peru, Andeak, 5.947 metro) igo ziren. Han ezagutu zituzten Jabi Arkauz eta Aritz Artieda. "Hurrengo urtean, beste espedizio baterako gauzak antolatzen hasi ginen. Zalantzak izan genituen nora joan: Ama Dablamera [Nepal, Himalaia, 6.812 metro], Pumorira [Nepal, Himalaia, 7.161 metro]... Azkenean, Pumorira joateko hautua egin genuen". Ordurako, Beñat Arruerekin eta Benantxio Iruretarekin batera, Xabier Osinalde ere taldera batuta zegoen.

Jon Odriozola ere (Zestoa, Gipuzkoa, 1977) betidanik izan da mendizalea. Inguruko mendietan asko ibilitakoa zen ordurako. "Ez dut orain ondo gogoratzen, baina uste dut niri Jexux Marik edo Beñatek deitu zidatela, espedizio bat osatzen ari zirela esateko eta batzeko gonbita egiteko. Handik gutxira, Azpeitian gelditu ginen, espedizioaren nondik norakoak antolatzeko. Ni batu nintzenerako, dena oso aurreratuta zeukaten. Gogoan daukat Benantxio Irureta zenak nola esan zidan: ‘Hau zegok, hi! Ez zegok beste aukerarik’".

Xabier Ostolaza ere (Zestoa, Gipuzkoa, 1973) mendizale esperientziaduna zen Pumoriko espediziora joan aurretik. Hark ere ezagutzen zituen Andeak ordurako. Espediziora nola batu zen ere ederki gogoratu du. "Nik, ondoen, Iñaki Aiertza ezagutzen nuen. Lanean eta mendian batera hasiak ginen, eta hark azaldu zizkidan lehenik espediziorako asmoak. Ez nuen zalantzarik egin. Baimena hamar alpinistarentzat zen, eta gu eskualdetik zazpi ginen. Nafarrekin osatu genuen taldea".

(Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide