Azkoitia karatearen hiriburua bilakatu da. Abian da Espainiako Karate Ligako jardunaldia, eta goizean goizetik, Elkargunean ari dira kata, kumite eta parakarate modalitateetako kirolariak lehiatzen. Gaur mutilak aritu dira tatamien gainean, baina bihar, igandea, nesken txanda izango da. Anaitasuna Kanku karate klubak eta udalak bultzatuta, Euskadiko eta Espainiako Karate Federazioek antolatu dute Azkoitiko jardunaldia.
Guztira, 650 karateka inguru elkartuko dira gaur eta bihar artean Azkoitian, eta horiekin batera etorri diren laguntzaileak zein senitartekoak kontuan hartuta, 1.000 lagun baino gehiagok bisitatuko dute herria. Anaitasuna Kanku karate klubeko zenbait ordezkari ere ari dira txapelketan lehiatzen. Hain zuzen ere, Manex Platero, Markel Piris, Felix de la Cruz, Rafael Ibañez eta Rordigo Ibañez dira lehiatzen ari direnak; bihar lehiatuko da Kalare Olaizola.
Dagoeneko jokatu dituzte kata, kumite eta parakarateko finalak Elkargunean. Goizean, Anaitasuna Kanku karate klubeko Felix de la Cruz azkoitiarrak brontzezko domina eskuratu du goizean parakarate modalitatean. Arratsaldean jokatu dituzte kumiteko finalak, eta sekulako giroa eta jendetzak lagunduta jokatu dituzte lehiak. Kanku karate taldea arratsaldean ere ez da esku hutsik gelditu; izan ere, Azkoitiko klubeko Rafael Ibañez errioxarrak urrezko domina eskuratu du 84 kilo azpikoen kumite txapelketan.
Bihar, igandea, goizean goiz hasiko dute neskek lehia, eta 16:15erako aurreikusi dituzte final nagusiak.