Urte eta erdi festarik gabe egon ostean, Azkoitiko plazak aspaldiko irudia hartuko du datorren hilabetean, sanandresek zein jai horien atarian egin ohi den helduen danborradak herriko kaleak hartuko baitituzte aurtengoan, beti ere indarrean dauden osasun neurriak "errespetatuta". Azkoitiko Udalak zein danborradan parte hartzen duten elkarteek hartu dute erabakia, eta erakundeak adierazi duenez, pandemiak eragindako "hilabete gogorrak" oraindik "erabat" amaitu ez diren arren, egoerak "jauzi bat" eman duela "nabarmena" da, eta "pixkanaka guztien ohiturak eta bizimodua lehengoratzen ari direla dirudi". Zentzu horretan, honakoa adierazi du Javier Zubizarreta alkateak: "Erreparoa ematen du pasatu ditugun hilabeteak pasatu eta gero, baina poliki-poliki atzean utzitako guztiari heltzeko unea iristen doa. Iaz ez genuen festarik izan, eta ea aurten San Andres jaiak txukun joaten diren guztion onerako".
Udalak eta elkarteek atzo, osteguna, egin zuten danborradaren inguruko bilera, eta zuzendariek nahiz arduradunek han erabaki zuten aurten danborrada egitea. Azaroaren 20an, larunbatez, egingo dute danborrada, eta udalak aurreratu duenez, jarraitu beharreko protokoloa landuko dute orain, eta agindutako neurriak betetzeko konpromisoa hartzeko eskatuko zaie danbor-joleei. Hain zuzen ere, protokoloa entseguetan jakinaraziko diete, eta "legeak agintzen duen moduan", maskara janztea derrigorrezkoa izango da entseguetan zein danborradan bertan.
Danborradako entseguak azaroaren 3an, asteazkenarekin, hasiko dira, eta azaroaren 20ra bitartean, astelehenetan, asteazkenetan eta larunbatetan elkartuko dira danborrada prestatzeko. Astelehenetan eta asteazkenetan, 20:00etan izango dira entseguak, eta larunbatetan, 11:00etan, Gurea pilotalekuan.
San Andres egunari dagokionez, udalak bilera batera deituko ditu postuetako arduradunak, antolakuntzari lotutako gaiez hitz egiteko. Era berean, pilota partidak ere izango dira sanandresetan, baina norgehiagoka horiek oraindik ixteko daudela adierazi du udalak.