Kasu positibo baten berri eman du Osasun Sailak Azkoitian

Amaia Urbieta 2021ko urr. 5a, 13:12

Azkoitia eremu berdean sartzear da. Atzo kasu positibo bat atzemanda, behera egin du intzidentzia tasak, baina oraindik eremu horian mantendu da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa ere antzerako kopuruetan da, eta Labi batzordeak gaur emango du informazio gehiago.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, Azkoitian kasu positibo bat atzeman zuen Osasun Sailak atzo. Herria eremu horitik berdera igarotzetik gertu gelditu da; izan ere, 66,76koa da azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa Azkoitian.

Urola Kosta eskualdean, aldiz, beste bost positibo zenbatu zituzten atzo: bina Aian eta Zarautzen, eta bat Azpeitian. Atzoko positibo bakan horien eraginez, igo egin da apur bat Azpeitiko eta Zarauzko intzidentzia tasa. 157,69koa da Azpeitian eta 77,10ekoa Zarautzen. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute positibo berririk zenbatu, eta beherantz jarraitzen dute intzidentzia tasek. Orio eta Zumaia eremu berdean dira iragan asteburutik, eta atzoko datuekin are gehiago jaitsi dira herri horietako intzidentzia tasak: 16,31ra eta 20,35era, hurrenez hurren.

ZIUen okupzioak, behera

Atzo, 104 kasu positibo zenbatu zituzten Osasun Sailak eta Osasunbideak Hego Euskal Herrian, igandean baino hogei gehiago. Guztira, 7.106 proba egin zituzten, eta horietan 104 herritarrek eman zuten positibo. Datuak horiek izanik, %1,5ekoa da positibotsun tasa Hego Euskal Herrian. Hamar kasu atzeman zituzten Araban, 35 Bizkaian, 44 Gipuzkoan, eta hiru kasu lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean. Nafarroan, aldiz, hamabi kasu positibo detektatu zituzten atzo.

Ospitaleen egoerari erreparatuta, hobera egin du egoerak Osakidetzaren ardurapeko ZIUetan. Izan ere, 34 gaixok behar dituzte zainketa bereziak COVID-19aren ondorioz, herenegun baino bost gutxiagok. Ospitaleratze berrien eta ospitaleratuta daudenen inguruko daturik, berriz, ez dute eman. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 62,05koa da, atzo baino apur bat baxuagoa, beraz, adierazle horrek ere hobera egin du. Eremu berdera igarotzear dira hiru lurralde horiek.

Nabarmena da datuek hobera egin dutela azken asteetan. Hori horrela, Nafarroako Gobernuak aurreko ostiralaz geroztik bertan behera laga ditu neurri murriztaileak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Labi batzordeak gaur du pandemiaren kudeaketaren inguruko azken neurriak hartzeko bilera, eta arratsaldean emango du horien berri.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide