Weird Market Nazioarteko Animazio Jaialdia egin dute hamahirugarrenez asteburuan Segovian (Espainia), eta Joseba Beristain azkoitiarrak parte hartu duen Loop film laburra saritu dute han. Hain zuzen ere, Ikuslearen saria eta Epaimahaiaren aipamen berezia jaso ditu ikus-entzunezkoak.
Pablo Polliedri argentinarrak zuzendu du filma, eta Uniko etxeak ekoitzi. Konposatzaile azkoitiarra, berriz, filmari musika jartzeaz arduratu da, eta ez da hark lan horrengatik sariren bat jasotzen duen lehenengo aldia. Izan ere, pasa den abuztuan Jatorrizko Musika Onenaren saria eskuratu zuen Tarazonako (Aragoi, Espainia) XVIII. Komedia Zinemaldian; maiatzean, berriz, Quirino sarietako bat jaso zuen Tenerifeko La Laguna hirian (Espainia), Animazio Iberoamerikarreko Soinu eta Jatorrizko Musika Onenaren kategorian.